Korrika Txikia ostiralean ibili zen herriko kaleetan eta nagusia larunbatean pasatuko da

Irati 2013ko martxoaren 20a

Korrika kulturalaren baitan "Bi arreba" ikuskizuna izango da ostiralean

Korrika Oriora gerturatzen ari da pixkanaka eta giroa berotzeko ostiralean Korrika Txikia egin zuten herriko txiki eta gaztetxoek senide eta gainontzeko herritarren begiradapean, izan ere, jende asko gerturatu zen haiek lasterka ikustera.

Eguraldi ona lagun Bikamiotatik abiatu eta herrian bi buelta eman zituzten tarte bakoitzean ume txikiagoak lasterketara gehitu eta lekukoa elkarri pasatuz. 

Plazara iritsitakoan lekukoa taula gainera igo eta mezua irakurri ondoren, kopla eta bertsoak abestu eta dantza egin zuten, azken hori Korrikako kantuaren doinuan.

Korrika Txikiko argazkiak: Karkarakoak eta Joxemari Olasagastirenak.

Korrika kulturala

Korrika txikiaz gozatzeko aukerarik izan ez zutenek, berriz, hemen ikusi dezakete ekitaldiaren zati bat:

Bi arreba

Korrika Txikiari Korrika kulturaleko beste bi ekitaldik emango diete segida lasterketa iritsi aurretik. Ostiralean, martxoaren 22an, Mihiluze jolasa izango da 16:30ean, Ikastolan. Ondoren, 22:00etan, Kultur Etxean, Bi arreba emanaldia entzuteko aukera egongo da. Horretarako gonbita jaso behar da aldez aurretik kultur etxean bertan. Udalak 110 gonbita jarriko ditu herritarren eskura eta doan banatuko ditu bukatzen diren arte. Xabier Lizaso piano jotzaile oriotarrak eta Andoni EgaƱa bertsolari zarauztarrak prestatutako emanaldiak bertsoak eta musika uztartuko ditu. Chopin konpositorearen eta Xenpelar bertsolariaren bizitzetan oinarritutako ikuskizuna da.

Korrika larunbatean

Azkenik, Korrika larunbatean, martxoaren 23an, iritsiko da Oriora. Orio gainetik hirurak laurden gutxitan sartuko dira eta horrela egingo dituzte lekuko aldaketak:

  • 2291 Aiako Bide gurutzea 14:46:06 Arraun elkartea
  • 2292 Harrobia 14:49:36 Bildu eta Herrira
  • 2293 Ubegungo bidegurutzea 14:54:30 Herrio eta Goiko Kaleko festa batzordea
  • 2294 Udaletxea 15:01:30 Ikastola eta Ikastolako langileak
  • 2295 Herriko Plaza 15:05:21 EAJ eta Toki Alai elkartea
  • 2296 Gaztetxea 15:10:15 Orain
  • 2297 Oliden jatetxea 15:18:39 Zaragueta eta Harribil dantza taldea
  • 2298 Km 11/Botaleku 15:23:33 Balea elkartea
  • 2299 Saikola 15:30:33  Gaztetxea eta Maria Maestra haurreskola
  • 2300 Intxaurreta 15:37:33 Txurrumuski eta Ametsa gaztelekua

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide