Bost ikastaro antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak lanik gabe daudenentzat

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko martxoaren 21a

Udaberrian, apiriletik ekainera, izango dira

Iaz, udazkenean, Enplegu Plana diseinatu zuen Urola Kostako Udal Elkarteak. Enplegu Planean, eskualdearentzat estrategikoak eta enplegua sortzearen alde lan egiteko interesgarriak diren hiru sektore zehazten dira:

1.- Merkataritza, ostalaritza eta turismo zerbitzuen sektorea, enpleguari dagokionez eskualde mailan duen pisuagatik.

2.- Nekazaritzako elikagaien sektorea, eskualdearen nortasunaren adierazgarri delako eta hirugarren sektorearekin sinergian aukera zabala eskain dezakeelako.

3.- Egur eta altzarien sektorea, Urola bailara osoan tradiziozko sektorea delako.

Merkatura begira, elkartearen ustez, sektore horiek aukera eremuak dira. Ezagutza eta konpetentzia berriak eskainiko dituzten profesionalak sortu nahi dira horretarako, etorkizunak sortuko dituen erronkei eta beharrei aurre egiteko.

Horretarako, eskualdeko langabetuentzat 5 ikastaro antolatu ditu Udal elkarteak. Ikastaroen bidez langabetuek aurretik aipatutako konpetentziak eskuratzea da helburua. Hala, udaberrian, apirila eta ekaina bitartean, izango dira ikastaroak, Zarautzen, Udal Elkartearen egoitzan.

Ikastaroak

Guztira bost ikastaro izango dira eta hau da lehena:

Gaia: Web 2.0 erremintak, nekazaritza elikagaien sektorerako

Noiz: Apirilaren 8tik 15era (31 ordu)

Helburua: Internet eta teknologia berriek eskaintzen dituen erreminta eta aukera berriak ezagutaraztea, salmentarako eta azken bezerora iristeko bide berri moduan –batez ere nekazaritza elikagaien sektorean–.

Horrez gainera, beste lau ikastaro izango dira:

• 3D prototipoak –Solidworksekin–, zurgintza eta altzarigintzarako –Apirila–.

• Marketing eta Packaging-a nekazaritza elikagaien sektorean –Maiatza–.

• Web 2.0 erremintak, merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreetarako –Maiatza–.

• Turismo eta aisialdi irisgarria: ikas ezazu espazio irisgarriagoak sortzen –Ekaina–.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide