Aurrera doa, Urola Kostako Udal Elkartea eta Orioko Udala, eskualdean hondakin gutxiago sortzeko lantzen ari diren prebentzio-planaren prozesua. Hiru fasetan garatuko dute eta aurrenekoa, datu-bilketa, bukatuta dago. Orain, bigarren faseko lanak egiten ari dira: behin-behineko plana idatzi eta aurkeztea. Horretarako, bilera irekia deitu dute Udal Elkarteak eta Orioko Udalak. Apirilaren 9an, asteartearekin, izango da 19:00etan, Kultur etxean.
Bilera horretan planaren zirriborroan jasota dauden proposamenak aztertu eta eztabaidatuko dituzte herritarrekin. Beraz, antolatzaileek dei egiten diete gaiarekin interesa duten oriotar guztiei, kultur etxera azaldu eta beren iritziak emateko. Gaiaren inguruan hausnarketa egin dezaten herritarrei honako galdera ere egin diete: Eta zuk egin al dezakezu zerbait hondakin gutxiago sortzeko?