Getariako Txakolina gero eta ezagunagoa da txoko askotan. Marka zabaltzeaz gain, jendeari edaria probatzen emateko jaiak antolatu ohi ditu Getariako Txakolina jatorrizko deituraren Kontseilu Arautzaileak. Oraingoan Aiari egokitu zaio txanda eta Udalaren laguntzaz prestatu dute apirilaren 7rako.
Igandean, Txakolin egunean, Getariako Txakolina jatorri izendapena duten 27 upategitako txakolin berria dastatzeko aukera izango da Aian: Aiakoak –K5 Argiñano eta Zudugarai–, Arrasatekoa, Debakoa, Getariakoak, Hondarribikoa, Mutrikukoa, Olaberriakoa, Oñatikoa eta Zarauzkoak.
Edaria, jatekoari laguntzeko izan ohi da gehienetan eta Aia herri ganaduzalea izanik, goizeko lehen orduetatik burruntzian erreko dituzte Eusko labeldun bi txahal txiki. Ondoren, 1.600 inguru haragi pintxo salduko dituzte.
Bestalde, Aia inguruko auzoetan dauden gaztagileek salmenta postuak jarriko dituzte.
Kopa hiru euro
Aiara jan-edanera gerturatzen direnek hiru eurotan kopa erosi eta nahi beste txakolin probatzeko aukera izango dute; haragi pintxoak, berriz, euro batean salduko dituzte.
Meza ostean hasiko da txakolinaren inguruko jaia eta bazkal ordura arte egongo dira txakolin zaleak herriko plazan. Dena, ordea, eguraldiaren araberakoa izango da; txarra egingo balu, iaz bezala, frontoian eta probalekuan izango litzateke-eta.