Abaromendi mendiaren magalean, babes ofizialeko etxeen parean, egingo da Orioko bigarren auzokonposta gunea, Abaromendiko 21 familientzako egokitutakoa. Zortzi familia hasiko dira oraingoz etxeko hondakin organikoak konposta bihurtzeko prozesuarekin.
Anibarko portuko gunearekin alderatuz, auzolanean eraikiko eta kudeatuko dute auzokonpostako gune hau. Bizilagunek berek egokituko eta eraikiko dute gunea: lurra berdindu; lurrean sarea jarri sagu, sator eta gainerako animaliei edukiontzirako bidea ixteko; eta itxitura egin. Lan horiekin hasteko asmoz, apirilaren 13an egingo dute Abaromendiko bizilagunek auzo-bilera. 09:00etan hasita.
Horrez gain, Orio Zero Zaborrek emango dizkie aholkuak. Atzetik, Urola Kostako Udal Elkarteak ekarriko ditu edukiontziak, eremua prest utziz bizilagunak auzokonposta egiteko.