Udalaren berdintasun-planari ekarpenak egiteko aukera dute oriotarrek

Irati 2013ko apirilaren 12a

Apirilaren 19ra arteko epea izango da horretarako

Udaleko Gizarte Ongizate batzordeak udal langileekin eta herriko eragileekin landu du berdintasun-plana eta asteon aurkeztu diete Udal langileei eta herritarrei.

Aurkezpenean, Miriam Uranga zinegotziak adierazi zuenez, planaren helburu nagusia Udal kudeaketan genero ikuspegia txertatzea dela. Izan ere, berdintasunaren aurrean egun seinalatuetan ekintza zehatzak baino ez direla egiten eta plana abiapuntutzat hartu behar dela esan zuen, gai horren inguruan koherentziaz eta helburu zehatzekin jokatzeko. Gaineratu zuen Orioko Udalak berdintasun teknikaririk ezean genero ikuspegia landuko duen eragile taldea sortzea da asmoa, horretarako Xaltxerak taldea aipatu zuen aukerako eragile modura.

Ondoren, planaz arduratu den Murgibe Berdintasun Aholkularitzako Itxasne Martinezek hartu zuen hitza. Honen esanetan, plana prestatzeko egin dituzten elkarrizketa, galdera etab.-etan 40 pertsonak hartu zuen parte, baina ondoren egindako herri topaketan hamar emakume eta gizonezko bat baino ez ziren izan. Prozesu horretan emakume eta gizonezkoen berdintasun gaietan dauden beharrak jaso zituzten eta behar horiei erantzuteko lehen pausoa izan liteke plan hau.

Beharrak

Behar horien artean daude besteak beste: enplegu sustapenean emakumeen presentzia bermatzea; heziketa genero indarkeriari buruz, emakumeekin erabili beharreko hizkuntzari buruz…; udal datuak sexuaren arabera bereiztea; hizkuntza erabilera ez sexista; emakumeen autonomia edo autoestimua bultzatzea; sexu estereotipoak haustea, jostailu eta ipuin ez sexistekin esaterako; gizonezkoenak direla uste diren etxeko konponketetan emakumeak heztea ikastaroen bidez eta alderantziz gizonezkoak etxeko beste hainbat lanetan, sukaldean, adibidez; emakumeek nerabezaroan kirola utzi ez dezaten animatzea; ikastetxeekin lan egin balio aldaketak lortzeko; emakumeek historiari egindako ekarpenak jasotzea; jaietan berdintasun eta aniztasun ekintzak bultzatzea eta eraso sexistei aurre egiteko bideak aurkitzea; lanketa bereziak etorkinekin eta adinduekin. 

Kontziliazioari eman beharreko garrantzia ere aipatu zuten eta planerako puntu ere badela aipatu. Beste ardatzetako bat genero indarkeriarena da eta horren baitan Itxasne Martinezek proiektua egiterako orduan eta planean aipatu diren hainbat kontu azaldu zituen: autodefentsa ikastaroak, genero indarkeriaren aurkako egunean egintza bereziak, ikasleekin balioen lanketa egitea eta herriko puntu ilunak identifikatzea. Horrez gain, horrelako egoeretarako protokolo baten beharra azpimarratu zuten, baita hori egoki egiteko heziketa, besteak beste udaltzainek, gizarte-ongizate sailean edo ikastetxeetan nola jokatu jakiteko. Izan ere, orain Eusko Jaurlaritzako protokolo orokorra baino ez da erabiltzen Orion. 

Plana

Horiek guztiak kontuan hartuta planak 13 helburu eta 53 ekintza zehatz hartu ditu bere baitan. Planak edukiko dituen ardatzak lau dira:

  • Berdintasuna Udalean zeharkako lerro gisa: egiturak sortuz; genero ikuspegia egunero Udal arloetan txertatuz; udal langileen kudeaketan genero ikuspegia sustatzea, pleguetan, oposaketa gaietan…
  • Kontzientzia eta balio aldaketa: emakumeen autonomiarekin zerikusia duten ekintzen bidez, esaterako, autodefentsa ikastaroak; ikastetxeetan balio aldaketak sustatuz; elkarteetan emakumeen parte hartzea bultzatuz; Kultura eta kirolean ari diren emakumeak ezagutaraziz; 
  • Kontziliazioa: Brikolaje edo sukaldaritza tailerrak antolatuz; menpekodunen zaintzarako baliabide eta zerbitzuak hobetuz.
  • Genero indarkeria: 0 tolerantzia, horrelako egoeren aurrean erantzuna emanez; arreta hobetuz; prebentzioarekin.

Behin baino gehiago entzun zen aurkezpenean plan hau ez dutela egin udaletxeko apalen batean gelditu dadin, erabil dadin baizik. Beraz, orain kontsultatzeko moduan jarri du Udalak eta oriotarrei aukera emango die iradokizunak egiteko. Oraingoz dokumentu irekia da, beraz, edozein oriotarren ekarpenak jasoko dituzte. Horretarako apirilaren 19ra arteko epea izango da eta honako helbidera bidali beharko dira: gizarte@oriokoudala.com

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide