Errezeten bidez belaunaldien arteko harremanak landuko dituzte ikasleek

Irati 2013ko apirilaren 15a

Txikienek pailazoen ikuskizuna izango dute gai bera jorratzeko

Eusko Jaurlaritzak, Orioko Udalak, Matia Institutoak, Farfara elkarteak, Orioko Herri iiastolak eta Zaragueta Herri Eskolak lagunduta, umeak eta adinekoak, bi  belaunaldi, gerturatzeko egitasmoa jarri dute martxan. 

Helduenek –LH 4-5–  errezeten bidez landuko dute belaunaldien arteko harremana. Horretarako, ikastetxeetan Berminghameko errezetak liburua banatu dute. Matia fundazioko Bermingham egoitzan dauden eta dementzia daukaten adinekoek emandako errezetekin osatua dago liburua. Liburua etxera eraman eta berekin bizi ez den adinekoren batekin –aiton-amona, bizilaguna, osaba-izeba, lagunak...– errezeta horietako bat, zein beren gustukoren bat prestatzea da helburua.  Adinekoen jakituriaz, janaria prestatzen eta jakiez gozatzen erakutsiko diete gaztetxoei plater horiek ekartzen dizkieten oroitzapenak partekatuz eta baliagarriak izango dira iragana, oraina eta etorkizuna konektatzeko,  dio Bermingham egoitzako Virginia Olivan monitoreak.

Otordu  hori prestatu ondoren, fitxa bat bete beharko dute sukaldariak zein izan diren, zein osagai erabili dituzten, nola prestatu duten… azalduz.  Apirilaren 30era arteko epea izango dute eta adin tartea handia izan arren, elkarrekin gauzak egiteko aukera badutela eta elkarrengandik asko ikas dezaketela ikusiko dute proiektu horren bidez.

Pailazoak
Bestalde, txikientzako –LH 1 ingurukoentzako–  pailazoen bi saio izango dira gai bera lantzeko:

  • Apirilaren16an, 10:00etan, Zaraguetan
  • Apirilaren 17an, 11:00etan, Ikastolan,

Kriki eta Kroki pailazoak Pedagogiako bi ikasle dira eta une atseginen bitartez asmo pedagogikoetara iristea dute helburu bizitzako balioak transmitituz: laguntasuna, errespetua, afektibitatea, elikadura osasuntsua, aniztasuna, berdintasuna, sentimenduen adierazpen askea,  irudimena… Belaunaldien arteko harremana gaitzat hartuta prestatu dute ikuskizuna eta  haurraren parte hartzea sustatuz  horiek izango dira protagonista.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide