Apirilaren 20 eta 21ean Legution jokatutako Euskadiko Batel Txapelketatik bi bandera ekarri dituzte Orioko Arraun Elkarteko arraunlariek, kadete kategoriakoak, denak; emakumezkoez osatutako ontzi bat eta gizonezkoez osatutakoa, bestea.
Emaitza txukunak lortu zituzten oriotarrek larunbateko sailkapen jardunaldian. Izan ere, txapelketara aurkeztutako bost ontzietatik lauk lortu zuten finalerako txartela; kontsolazio-txandan jokatzearekin konformatu behar izan zuten senior kategoriako emakumezkoek.
Irabazleen banderak Oriora bidean jartzeko asmoz ekin zioten lanari igandean arraunlariek. Indarrak ondo neurtuta aritu ziren emakumezko kadeteak, txapelketako lehen garaipena emanez Orioko Arraun Elkarteari. 4 minutu, 51 segundo eta 61 ehunen behar izan zituzten gure neskek estropada bukatzeko. 7 segundora bukatu zituen lanak Hibaikak eta gutxira iritsi ziren helmugara bai Hernaniko eta baita Tolosaldeko ontzia ere.
Emaitza paregabe bera lortu zuten kategoria bereko mutilek ere. Arraunak gora jasota bukatu zuten norgehiagoka, Oriorentzako bigarren bandera lortuta. 6 minutu, 44 segundo eta 43 ehuneko denborarekin amaitu zuten estropada. Hibaika izan zen kasu honetan ere bigarren, 7 segundo pasatxora; Tolosa hirugarren eta Deustuk itxi zuen finaleko txanda.
Jubenil mutilak ere ohorezko txandan aritu ziren lehian, baina ezin izan zituzten Omdarroako, Deustuko eta Tolosako aurkariak gainditu. Laugarren egin zuten, txapeldunengandik, Ondarroako ontziaren, 21 segundora.
Seniorren txandan, kontsolazio txanda irabazi egin zuten neskek, Kaikuri eta Deusturi aurre hartuta. Mutilak, berriz, hirugarren izan ziren Ohorezko Txandan eta brontzezko dominarekin bueltatu ziren Oriora.