Asteburuan Landare Berezien Azoka egingo dute Iturraranen

Irati 2013ko api. 25a, 13:12

Aiako plazan ere izango dira landareekin lotutako postuak eta lore apainketa tailerra

Landare Berezien Azoka izango da asteburuan, apirilaren 27an eta 28an, Iturrarango Lorategi Botanikoan.  Iturrarango Lorategi Botanikoko klima onari esker bere 16 hektareatan, mundu guztiko landareak alda daitezke, leku hotzetakoak zein epeletakoak. Helburu nagusia ahalik eta bildumarik handiena osatzea da; landaretzaren kontserbazioa eta aniztasuna sustatzea. Momentu honetan bost kontinenteetako 5.000 landare mota ezberdin aurki daitezke bertan.

Ohiko mintegietatik kanpoko landare bereziak, ezezagunak, antzinakoak eta lortzeko zailak direnak jartzen dituzte ikusgai Aiako azokan beste lekuetan merkaturatu aurretik. Izan ere, azokako parte hartzaileak  landare berezien bildumagile espezializatu profesionalak dira, beren interes edota pasioan sakonduz, landare bat edota gehiagoren bildumak egiten dituztenak. Iturrarango azoka landare ekoizleen, landaretza sektoreko profesionalen eta zaleen elkargune izan ohi da.

Bildumagile berriak

Urtez urte handitzen joan da mintegi kopurua, 2003an 37rekin hasi ziren eta 49 izango dira aurten. Gero eta bilduma gehiago eta aberatsagoak eskaintzen dizkiete bisitariei, kontinente guztietako landareak erakutsiz eta salduz. Gainera, nabarmena da landare erosle eta adituen gorakada bisitarien artean.

Aurten berrikuntzak ekarriko dituzten gehienak Frantziatik etorriko dira, baina badira beste batzuk ere:

  • Barnhaven –Frantzia–: Primula eta Helleborus bilduma.

  • Cannebeth –Frantzia–: Bougainvillea eta Lantana bilduma.

  • Côté Sud des Landes –Frantzia–: Bildumako zuhaitz eta zuhaixka aukera.

  • Elemental –Bizkaia–: Landare erabilgarrien bilduma.

  • Roses ancieenes du Jardin de Talos –Frantzia–: Antzinako arrosen bilduma.

  • Sala Graupera/Eco Gardening –Katalunia–: Mediterraneoko eta hego hemisferioko landare bilduma.

  • Thierry Duval –Frantzia–: uretako eta zingiretako landare bilduma.

 Bestalde, aurreko urteetan etorri eta aurten ere azokan izango dira honako hauek:

  • Agroideas: kaktusak

  • Aromaticulture: landare usaintsuak, thymus bilduma.

  • Aztekia: haworthia bilduma, cactacea bereziak. 

  • Baches: zitriko barietate bilduma.

  • Blasenea mintegia: barazki landare ekologikoak.

  • Bouet-servat: landare bizikorrak eta mendi-tontorrekoak.

  • Camelias del atlantico: camellia, magnolia, hydrangea.

  • El jardín: landare tropikal eta subtropikalak. 

  • Farguettes: clematis espezieen bilduma. 

  • Ferme des saveurs: tomate bildumak. landare usaintsuak eta jangarriak.

  • Fleur de gascogne: pelargonium bilduma. 

  • Flora del tropico: orkidea eta bromeliak. 

  • Florama: zuhaitz eta zuhaixkak. 

  • Flores de lires: landare apaingarriak: kostaldeko eta hego hemisferioko landareak.

  • Florgalicia sl: landare apaingarriak: Patagoniako landareetan espezializatua.

  • Fougeres d'ici et d'ailleurs: iratzeetan espezializatua.

  • Guillot: fuchsia eta begoniak. 

  • Hontza liburudenda: lorezaintzako liburuak. 

  • Irun bonsai: bonsaiak. 

  • Iturraran lorategi botanikoa: bildumako landareak.

  • Islaya: landare mamitsuak eta kaktusak.

  • Lafitte: zuhaitz eta zuhaixka apaingarriak.

  • Les refardes: modu ekologikoan ekoizturiko baratze landare eta lore tradizionalen haziak.

  • Limbo: zuhaitz eta zuhaixka apaingarriak: acer palmatum-tan espezializatua. 

  • Lumen: landare bizikorrak: himalayako landareetan espezializatua.

  • Lur berry: basafruitu eta zuhaixka jangarri ekologikoak.

  • Moreira: kamelia bilduma.

  • Nature et paysages: landare intsektujaleak eta cypripedium bilduma. 

  • Oasis del cantabrico: palmondo eta landare exotikoak.

  • Orient y orchids: orkidea tropikalak. vanda generoan espezializatua. 

  • Pivoine bleue: paeonia.

  • Plantaromed: sukalderako landareen eta landare usaintsuen hautaketa.

  • Plantes miniatures: landare caudiciforme-ak, euphorbia eta landare mamitsuak. sanjuan.

  • Railhet: proteazeoak eta mirtazeoak.

  • Ramon García: hemenrocalis eta iris bildumak. 

  • Raziel: bulboa apaingarriak.

  • Singular plant: lithops bilduma.

  • Sustrai: zuhaitz eta zuhaixka apaingarriak.

  • Tropic flore: bromeliak. tillandsia bilduma. 

  • Tropique production: hedychium, colocasia eta musak.

  • Zunoyar mintegiak: landare apaingarriak: bougainvillea, jasminum.

Azoka kartela

Karteleko lorea

Aurten azoka iragartzeko aukeratu duten landarearen izena Massaroco da izen zientifikoa, berriz, Echium nervosum. Madeira, Porto Santo irla da bere jatorria eta zuhaixka trinkoa da antera arrosetatik kolore urdin argiko loreak ateratzen zaizkiona. Madeirako landare endemikoetako bat da eta lur hezea, baina drainatua behar du eta ez ditu izozteak gogoko.

Autobus zerbitzua

Bisitariak ere asko etortzen dira azokara –gehien etorri diren urtean 10.500– eta urrutitik gainera: Kanariar uharteak, Bartzelona, Malaga, Holanda…Ekoizleen eta zaleen elkargune da azoka. Bisitariek zalantzak argitzeko aprobetxatzen dute eta saltzaileek eskaerak jasotzeko.

Azoka 10:00etatik 18:00etara egongo da irekita eta bi aparkaleku egokituko dituzte: Aian eta Orion –Txurrukan–. Handik doako autobusak ibiliko dirajoan-etorrian. Trenez gerturatuz gero, Zarauzko Karmeliten komentu aurreko geltokian hartu ahal izango da autobusa – joateko lehena 10:45ean eta hortik aurrera ordu oro, azkena 16:15ean; bueltarako lehena 10:45ean azoka gunetik Zarautzera, gero ordu oro eta azkena 17:45ean––. Txartelak azokako  sarreran salduko dituzte lau eurotan –12 urtetik beherakoek doan–.  Nahi izanez gero, erositako landareak aparkalekura garraiatuko dituzte eta azokan jan-edaneko postuak ere egongo dira. 

Antolatzaileek jakinarazi nahi dute lorategia inguratzen duen itxiturako burdinazko ateetan giltzarrapoak jarriko dituztela eta sarrera bakarra bidegurutzekoa izango dela, beraz, oinezkoak ezingo direla beste ate horietatik sartu azokara.

Ekintza osagarriak Aiako plazan

Aiako herriaren eta Pagoetako parke naturalaren arteko lotura sendotuz joan da urteotan eta indartzeko azoka osagarria izango da Aiako plazan, apirilaren 28an 10:00etatik 15:00etara.

Batetik landareekin zerikusia duten produktuen erakusketa eta salmenta egongo da eta honakoak jarriko dituzte:

  • Aranburu mintegia: sasoiko landareak
  • El montañes mintegia: landare usaindunak eta sukalderakoak

  • Eugenio Elortza eztiak: eztia eta deribatuak

  • Garbi: xaboi eta olio naturalak

  • Hezieko: zizare hazkuntza eta ongarri organikoak

  • Lurreko-naturkai: ongarri, konpostai eta hazi ekologikoak

  • Maribi Anton: lore prentsatua eta zeramika

  • Martín: botanikan oinarritutak akuarelak

  • Rosa M. Palacios: aloe vera produktuak

  • Sara Letamendia: sendabelarren produktuak

  • Urtinea mintegia: sasoiko landareak

  • Zurnek-zurtek: balkoietan baratzagintza lantzeko zutikako moduluak

Gainera, hitzaldiak ere eskainiko dituzte postuetan:  11:30ean ongarri, konpostai eta hazi ekologikoei buruzkoa; 12:00etan sendabelarrena; lore prentsatu eta zeramikari buruzkoa 12:30ean; 13:00etan zizare hazkuntza eta ongarri organikoei buruzkoa; eta  13:30ean basalandareen erabilera gastronomian izango da gaia. Bakoitza bere postuaren aurrean.

Bestalde,  Ikebana –lore apainketa japoniarra– tailerrak ere izango dira Kultur Etxean 10:30etik 12:00etara eta 12:30etik 14:00etara. Gehienez 20 lagunek hartu ahal izango dute parte talde bakoitzean eta aurrez izena eman behar da euskado@gmail.com helbidean. Ikastaroak 15 euro balio du eta trukean materiala eta apaingarria jasoko dituzte. Gainera, goiz guztian Ikebana erakusketa egongo da kultur-etxean.

Euskalcomek, plazan, eskulanak egiteko aukera ere eskainiko du: paperezko loreak, etab.  Horretaz gain, probatzeko auto eta moto elektrikoak eta gaztelu puzgarriak ere jarriko dituzte plaza inguruan eta Kilometroak jaiko arropa ere salgai jarriko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide