Uda usaina hurbildu ahala, uztailerako eta abuzturako egonaldiak prestatzeari ekin dio Txurrumuski taldeak. Berrikuntzekin datoz aurten, gainera, lehen aldiz, 2 eta 3 urte bitarteko haurrak hartuko baitituzte alde batetik; eta gaztetxoei zuzendutako abentura-saioak antolatu baitituzte bestalde.
Uda-txokoa
Aurten lehen aldiz, 3 urte betetzear dauden haurrak ere hartuko ditu Txurrumuskik; 2010. urtean jaiotakoak, alegia. Udala egin zen mugan zeuden haurren kargu iaz, baina Uda-txokoa sortu eta Txurrumuski bera arduratuko da orain.
Jolasekin, abestiekin eta jostailuekin arituko dira haurrak Uda Txokoan eta udaleku irekiekin alderatuz, batez ere, errutinan oinarritutako jarduerak egingo dituzte Uda-txokoan. Sarrera-irteera lekua ere propioa izango dute.
Uztailean, astelehenetik ostiralera,
Orioko Herri Ikastolan bertan, 09:00etatik 12:30etara –13:00ak arte luzatu
liteke– jarriko da martxan Uda txokoa. Haur bakoitzeko 85 euro ordaindu beharko
dira Uda-txokoan parte hartzeko
Udaleku irekiak
Urtero
bezala, uztailean izango dira aurten ere udaleku irekiak. Astelehenetik
ostiralera bitartean, goizeko 09:00etatik 12:30ak arteko zerbitzua eskainiko du
Txurrumuskik. Jolasen, tailerren eta dinamika ezberdinen bitartez, ongi
pasatzeko aukera ezin hobea izango dute haurrek, 75 euroren truke.
Aurten baina, udaleku irekietan parte hartzeko gutxieneko adinean aldaketak izan dira. 3 urte beteta izan behar ziren orain artean Txurrumuskirekin uda garaian jolasteko, baina 4 urte egitear daudenak –2009. urtean jaiotakoak– izango dira aurten hartuko dituzten txikienak. 12 urte beteta dituztenak izango dira, berriz, zaharrenak. Horretaz gain, parte hartzeko baldintzen artean, ezinbestekoa izango haurrak euskaraz jakitea.
Gazte-abenturak
Lehen
Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailan dauden eta abentura maite duten haurrentzako
hamabostaldi berezia antolatu du Txurrumuskik aurten, estrainekoz, 85 euroren
truke. Abuztuaren 1etik 12ra bitartean, 09:00etatik 13:00etara, bizikleta
martxak, jolasak, kirolak, igerilekura irteera, jolas erraldoiak, mendi martxak…
abenturaz abentura ibiliko dira gazte-abenturako kideak. Hamabostaldiko azken
hiru egunak –abuztuaren 13,14 eta 15–, berriz, aterpetxe batean pasako dituzte.
Izena-ematea
Maiatzaren 22an, 23an eta 24an, 18:00etatik 19:30era eman beharko dute izena uda-txokoan, udaleku irekietan edota gazte-abenturetan parte hartu nahi dutenek. Izen-emate orriaz eta haurraren osasun txartelaren kopiaz gain, bankuko diru-sarreraren ordainagiria jasoko dute antolatzaileek Kultur Etxean. Txurrumuskik Euskadiko Kutxan duen 3035 0182 18 1820021770 zenbakian sartu beharko da dirua, haurraren izen-abizenak argi adierazita. Horren harira, eta Txurrumuskik jakinarazi duenez, behin izena emanda atzera egiten duenari ez zaio dirua itzuliko.
Bestalde, hala nahi duenak, etxera bakarrik joateko baimena eta argazkiak ateratzeko baimena sinatuta utzi ditzake antolatzaileen eskuetan.
Maiatzaren 31n, 18:00ean izango da uda-txokoari buruzko bilera Kultur Etxean; 18:30ean udaleku irekiei buruzkoa; eta gazte-abenturez arituko dira 19:00etan hasita.
Begirale izan nahi dutenentzako deialdia
Udaleku
nahiz egonaldietan begirale izan nahi dutenei curriculuma uzteko deia egin die
Txurrumuskik. 16 urtetik gorakoei eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna dutenei zuzendutako
deialdia da. Horrez gainera, begirale edota zuzendari titulua izatea, oriotarra
izatea, talde harremanetarako abilezia izatea eta urtean zehar lanean segitzeko
prestutasuna baloratuko dituzte Txurrumuskiko kideek begiraleak hautatzeko
orduan.
Hemen bertan edo Orioko Kultur Etxean jaso daitekeen orria bete eta txurrumuski.orio@gmail.com helbidera bidali beharko dute interesa dutenek.