Azken asteburua borobila izan da Orioko saskibaloiarentzat. Larunbatean hasitako festa igandean errematatzea lortu zuten ZASTeko jokalariek.
Bi partida garrantzitsu ari ziren ia aldi berean jokatzen apirilaren 27an, larunbatean. Alde batetik, Donostiako Gaska kiroldegian kadete neskek Euskadiko txapelketako finalerdia jokatu zuten Durangoko Tabirakoren aurka. Orduerdi beranduago URSA Orioko neskek beren ligako azken aurreko partida jokatzen hasi ziren, Errenteriako Don Bosco ikastetxean Oiarsoren aurka.
Bi taldeek garaipena behar zuten helburu desberdinak lortzeko eta biek irabazi zuten. URSA Orioko junior neskengan urduritasuna izan zen nagusi partidaren lehen erdian, eta horren adierazgarri izan ziren galdutako baloi guztiak. Lehen laurdenean markagailuan atzetik joan ziren momentu askotan, baina laurdenaren bukaerara berdinduta iritsi ziren bi taldeak: 15-15. Bigarren laurdenean abantaila laburra eskuratu zuten oriotarrek, hein handi batean hiruko marratik lortutako portzentaje onari esker, eta, ondorioz, atsedenaldira bost puntu aurretik joan zen Orioko taldea.
Lehiaren bigarren erdian Oiarsokoen egoera fisikoak nabarmen egin zuen behera eta oriotarrek hori aprobetxatu zuten abantaila pixkanaka handitzen joateko. Bukaeran 36-56 oriotarrak nagusi. Saiatutako 12 hirukoetatik 8 sartu zituzten, gainera. Eta, garaipenaren ondorioz, Gipuzkoako junior nesken partaidetzako liga eskuratu du talde oriotarrak.
Taldea neska hauek osatzen dute: Alazne Arruti, Laura Arruti, Laida Dorronsoro, Maitane Escudero, Olatz Lizaso, Alaitz Miera, Sara Odriozola, Ester Tkacikova eta Mireia Zinkunegi. Entrenatzaile lanetan Iker Gurrutxaga aritu da, haren laguntzaile lanetan Irati Isasa eta prestaketa fisikoa Gorka Nuñezek gidatu du.
Datorren larunbatean, maiatzaren 4ean, arratsaldeko 16:00etan, Orion, Summa Aldapeta taldearen aurka bukatuko dute liga. Urte guztian egindako lan guztiari amaiera ona eman nahi diote etxeko azken partida irabazita.
Kadete neskak Euskadiko txapeldun
Kadeteak 15-16 urte dituzte eta EAEn emakumezkoen 200 inguru talde daude. Hainbeste taldeen artean lehenak geratzea ez da erraza. Are gehiago herri batekoa izanda, ohikoa baita hirietan inguruko jokalari onenak batzen dituzten talde oso indartsuak osatzea. Urte guztian Orion jokatu dute ZASTeko neska hauek, tartean hiru oriotar baitaude: Teresa Argibe, Sara Iparragirre eta Nora Rodriguez.
Apirilaren 27 eta 28ko asteburuan erabakitzen zen nor izango zen txapelduna eta nork lortuko zuen Espainiako txapelketerako bigarren txartela. Helburu bat zuten buruan: Espainiako txapelketara sailkatzea. Horretarako, ZASTeko neskek nahikoa zuten finalerdian Tabirako mendean hartu eta beste finalerdian Easo, liga erregularreko txapeldunak, Iraurgirekin gauza bera egitea.
Finalerdian Durangoko Tabirako talde hobea izan zen orokorrean, baina zarauztarrek beren kastari esker bizkaitarrek markagailuan alde handirik irekitzeko gaitasunik ez izatea lortu zuten. Partida bukatzeko 13 segundu falta zirela, Teresa Argiberen bi jaurtiketa libreekin partida erabakita utzi zuten: 45-49 bukaeran.
Baina beste finalerdian Iraurgik estu hartu zuen Easo eta finalera iritsi ziren, txapelketako mailaren berdintasunaren lekuko. Iraurgi laugarren geratu zen aurreko fasean eta finalerdian Easo gainditzeko gai izan zen azken laurdenean 8 puntutako desabantaila gaindituz.
Finalerdia bezala partida zakarra izan zen finala. Nerbioek jota ziren jokalariak eta defentsak erasoaren gainetik izan ziren partidan. Lehen laurden berdindu baten ondoren, 8-9, zarauztarrek markagailuan goitik egotea lortu zuten, nahiz eta abantaila motzak izan –12-21;16. minutuan eta 25-32; 30.minutuan egotera iritsi ziren–. Azpeitia-Azkoitiako taldek ez zuen etsitzen eta partida berdintzea lortzen zuten partzialen bidez. Kontuak kontu, 6 minuturen faltan bi puntuko abantaila baino ez zuten ZASTeko neskek eta Enara Markaideren eta Maria Artetxeren bi saskiratzeri esker 33-38 aurretik jartzea lortu zuten 3 minutu baino geratzen ez zirenean.
Bukeran 37-50 nagusitu ziren ZASTeko neskak, eta, Euskadiko Txapeldun geratzeaz gainera, Espaniako Txapelketarako txartel zuzena ere eskuratu zuten. Guadalajaran, hilabete barru, izango da txapelketa hori. Beraz gozatzeko eta atseden hartzeko garaia bada ere, berehala zapatilak jantzi eta berriz ere gogor entrenatzen hasiko dira Dan Lertxundiren neskak.