34 artisau etorriko dira Orioko 21. Artisautza Azokara

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko mai. 3a, 10:03

Maiatzaren 5ean izango da azoka, 10:30etik 19:30era

Maiatzaren 5ean, igandearekin, izango da aurten Artisau Azoka, 34 artisauen lanak ikusgai eta erosgai jarriko dituena. 21. edizioa izango du aurten, eta aurreneko aldiz, Udala bera arduratu da antolaketaz, beste enpresa baten bitartekaritzarik gabe.

Ohi bezala, Herriko Plazan eta zimitorioan, alderik alde, izango da azoka, 10:30etik 19:30era. Bitxigileak, gaztagileak, gozogileak, xaboi-egileak hartuko ditu aurtengoan ere alde batetik; larrua, beira, oihala eta zeramika landuko dutenak ere izango dira, horiez gain. Azkenik, sendabelarrak, ukenduak, bestelako jakiak eta hortxata ere izango dira aukeran bertaratzen direnentzat.

Gipuzkoatik –Hondarribitik, Hernanitik, Zarauztik...–, Bizkaitik –Zornotzatik, Mallabitik, Urduñatik…–, Arabatik –Amurriotik, Goiuritik...– eta Nafarroatik–Iruñetik, Elbetetik, Tafallatik…–, Behe Nafarroatik –Baigorritik– eta Errioxatik –Calahorratik– datoz artisauak aurtengoan; tartean dira, Orion bizi diren bi artisau ere, biak ere bitxigileak: Aitziber Esnaola eta Irati Agirreazaldegi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide