Baleei buruzko hitzaldia egingo du Jon Maiak asteartean

Irati 2013ko maiatzaren 13a

Balea elkarteak antolatutako emanaldia 19:00etan izango da Kultur Etxean

Balea elkarteak antolatuta hitzaldia, txokolate jana eta jolasak izango dira asteon. Bihar, maiatzak 14, Jon Maiak Balea haiek, herri hau hitzaldia eskainiko du 19:00etan Kultur Etxean. Jon Maiak Apaizac Obeto espedizioaren nondik norakoak jaso zituen dokumental batean. Ekainaren 5ean Pasaiatik abiatu eta, sei astetan San Lorentzo ibaian nabigatu ondoren, Ternuako Red Bayko badiara iritsi zen espedizioa Kanadako arkeologoak ikertzen ari diren XVI. mendeko euskal balea eta bakailao arrantzaleen kokalekuetara joateko xedearekin; baita euskal baleazale eta bakailao arrantzaleekin harremanak zituzten indigenen tribuak bisitatzeko eta berezko kulturaren eta ahozko tradizioaren berri izateko asmoz ere. XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleek Kanadako Ipar Atlantikoko uretan eginiko balearen arrantzaren kronika da dokumentala. Baleazaleen inguruko kontu asko daki, beraz, Jon Maiak eta horien berri emango du hitzaldian.    

Bestalde, ostiralean, maiatzaren 17an, txokolate-jana izango da Balea elkartearen ondoko plazan eta jolasak ondoren.

Antolatzaileek bai batera eta baita bestera ere gonbidatu nahi dituzte herritarrak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide