Giro ona izan zen Asentziotako asteburuan

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko maiatzaren 14a

Jende asko gerturatu zen Aiara larunbatean eta igandean

Aiako Asentzioak ezagunak dira gure inguruan eta hori nabarmen geratu zen beste behin pasa berri den asteburuan. Animaliak, artisauen produktuak, baserriko produktuak, baserrian lanean jarduteko tresnak… denetik zegoen plazan eta inguruetan igande goizean.

Dena dela, larunbatean eman zieten hasiera Asentzioetako ekitaldiei, nesken giza probako I. Bizi Iturri Sariarekin. Jende asko gerturatu zen Aiako probalekura, 400 inguru lagun. Hiru talde izan ziren 550 kiloko harriari tiraka, 15 minutuko hiru txandatan banatuta. Ibarrako taldeak irabazi zuen 30 plaza eginda, bigarren Oriokoa izan zen 29 plaza, 7 zinta eta 1,10 metro beteta eta hirugarren Ergobiko taldea 28 plaza eta 6 zinta eginda.

Baina ez zen asteburuko herri kiroletako proba bakarra izan. Igande arratsaldean Asentzio saria jokatu zuten harri-jasotzaileek Aiako 114,6 kiloko harri baldarrarekin. Izeta II.a izan zen irabazlea 35 jasoaldi emanda, bigarren Joseba Ostolaza 32 jasoaldirekin eta hirugarren Odei Izeta –Izeta IV–, irabazlearen semea, 27 altxaldi emanda. Atzetik Izeta III, Jokin Eizmendi eta Josetxo Urrutia izan ziren.

Aiako alkateak oso balorazio positiboa egin du festaren inguruan, Aiara gerturatutako jendeak antolatutakoaren aurrean izan duen erantzuna ikusita.

Hemen dituzue festetako argazkiak –herri kiroletakoak Ibon Errazuk eginak– eta azokako animalien bideo labur bat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide