Orioko kaleko zarata aztertu dute ikasleek aurten Agenda 21en barruan

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko maiatzaren 20a

Udaletxean elkartu ziren ikastetxeetako haurrak eta Orioko alkatea gaiari buruz jarduteko

Orioko bi ikastetxeetako haurrak alkatearekin bildu ziren maiatzaren 10ean egindako udalbatzar berezian. Bertan Agenda 21-ari dagozkion arazoez aritu ziren hizketan.

Orioko ikastetxe guztiek hartzen dute parte Eskolako Agenda 21 heziketa-programan 2005. urtetik hona. Ikastetxeetan urtero-urtero herriaren egoera aztertzen dute gai zehatz baten diagnostikoa eginez. Aurtengo ikasturtean herriko zarataren egoerari buruz aritu dira hausnartzen, ikasgelan azalpenak jaso eta herriko kaleetan neurketak eginez.

Behin lanketa egin eta gero, Orion aurkitutako arazoak konpontzeko proposamenak egin dizkiete udal ordezkariei. Hala, alkatea eta ikastetxe bakoitzeko ikasle ordezkariak udaletxean elkartu ziren aurreko maiatzaren 10ean, erabakiak hartzeko prozesua bertatik bertara ezagutuz.

Ikasleen proposamenei erantzuna eman zien Beñat Solaberrieta alkateak eta Udalak etorkizunera begira dituen proiektuak azaldu zituen. Modu berean, ikasleek herriko egoera hobetzearen alde hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu zituzten. Besteak beste, proposamen hauek aurkeztu zituzten:

• Orioko kaleetan zarata neurtzeko makinak jartzea
• Auto eta motorren abiadura moteltzeko neurriak hartzea
• Orioko bidegorri sarea osatzea.

Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitatea eta Udalaren arteko harremana eta komunikazioa indartzeko bilerak egin dituzte ikasturtean zehar. Etorkizunean garapen iraunkorraren aldeko apustua indartu eta Udala eta hezkuntza-komunitatearen arteko harremana sendotzeko neurriak hartuko dituzte bi aldeek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide