Hamazazpi urte eta gero bere kargua utziko du "Makatza"k

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko maiatzaren 21a

Zuzendaritza batzorde berria aukeratu beharko dute bazkideek

J.A. Makazaga Makatzak Orioko Futbol Taldeko presidente kargua uzteko erabakia hartu du hamazazpi urteko jardunaren ostean. Berarekin batera zuzendaritza batzorde guztia joango da, eta, ondorioz, bazkideek talde berria aukeratu beharko dute.

Makatzak adierazi digunez familia guztia bertan lanean eta urte askotako zama pilatuta, uztera bultzatzen ninduten. Hasieran kosta egiten da eta ezezkoa izaten duzu buruan, baina azkenean erabaki onena kargua lagatzea dela konturatzen zara.

Baina Makatzak ez zuen kargua edonoren eskutan uzterik nahi. Talde berria osatu dute eta haiek aurkeztekotan dira. Kontua ez zen presidente izateari utzi eta Orioko Futbol Taldea edonoren eskutan uztea, kontatzen du Makatzak. Talde berriko kideak futbolaz jantzitako pertsonak dira, aurretik gurean aritutakoak edota orain modu batean edo bestean klubarekin zerikusia dutenak, gaineratu du presidenteak.

Denboraldia bukatzeko egun gutxi geratzen dira eta ekainaren 7an egingo dute bazkideen batzarra. Han talde bakarra aurkeztuko balitz, astebetera beren esku geratuko litzateke zuzendaritza. Besteren bat aurkeztuz gero, bi asteko tartea utziko lukete hauteskundeak egin aurretik.

Makatzak gustura utziko du kargua. Lagun batzuk, ezagun asko eta etsairen bat egin dut futbolean. Baina haurrekin izandako tratua eta herritar asko ezagutzeko izan dudan aukera da futboletik atera dudan gauzarik onena, bukatu du Makatzak.

Promozioa
Helduen taldea ohorezko mailara igotzeko promozioa jokatzen ari da ligan 3. bukatu eta gero. Ordizian jokatu zuten joaneko partida bertako taldearen aurka eta emaitza ez zen ona izan, 3-1 galdu baitzuten oriotarrek. Itzulerako partida larunbat honetan jokatuko dute Mendibeltzen.

Ligako azken partidan sekulako giroa izan zen Orioko zelaian, harmailak goraino beteta. Orduan emaitza ona eskuratu zuten oriotarrek, 2-0 irabazita. Modu horretan sailkatu ziren igotzeko aukeraren bat izateko promoziora. Hemen dituzue partida hartako irudiak:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide