Ikasturte bukaera Mari Jose Iparragirreren margo txokoan

Irati 2013ko maiatzaren 27a

Margoak eta eskulanak egiten dituzte gaztetxoek arratsaldeetan

Margotzea eta eskulanak egitea gustuko dituzten neska-mutikoak elkartzen dira arratsaldeetan Mari Jose Iparragirreren txokoan. Joan den astean ere oraindik ikasturte honetako azken lantxoak egiten aritu ziren eta asteon merienda izango dute ikasturte amaiera ospatzeko.

Astean behin elkartzen dira eskulan eta margolanak egiteko Mari Jose Iparragirreren esanetara. Gutxi gorabehera 10 laguneko taldeetan banatuta 40 haur aritu dira aurtengo ikasturtean, irakasleak esan digu inoiz bikoitza izatera ere heldu dela. 

Eskulanak1Iparragirrek hogeitik gora urte pasatu zituen josten eta margotzen ere aritzen zen. Ezagun batek eskatuta hasi zen haren seme-alabei erakusten eta orain txokoa antolatua du egunero irakasle lanetan jarduteko. Hark esan zidan Orion ez zegoela margotzen ikasteko horrelako aukerarik eta ea bere seme-alabei erakutsiko nien. Margotu margotzen nuen baina niretzat beraz hasieran ezezkoa eman nion, baina gero fabore gisa hasi nintzen Goikokalen. Haiek koadroak egiten hasi zirela ikusita, ordea, lagunek ere nahi zuten eta ordutik bat eta beste eta gero pasa nintzen lokal hontara, gaur arte, azaldu du.

Koadroak eta eskulanak egiten dituzte eta egindako eskulan guztiak ere margotzen bukatzen dute eta erabiltzen dituzten materialak ere askotarikoak dira: kartoia, paper pasta, margoak, pinturak... Lehen koadro pila bat egiten zituzten, baina aspertzera ere iritsi ziren asko, beraz, orain eskulanak eta margolanak bateratzen ditut, txandaka.

Ikasturteko azkenengotariko saio batera joan eta gogoz lanean zeuden ikasleak. Umeak 17:00etan etortzen dira eta berez 18:30ean dute irteteko ordua, baina 19:00ak arte ez dute atera nahi izaten, itxuraz gustura daude, ni bai behintzat beraiekin.

Eskulanak2Umeek ere gustura daudela esan digute. Saioa Basurkok askotariko eskulanak egiten dituen arren margotzea gustatzen zaio gehien eta paperak elkarrekin pegatzen ere ibiltzen da, adibidez. Hu joan ginenean taldeko beste hainbat lagun bezala itsasontzi bat egiten ari zen kartoiekin. Gero etxera eramaten ditugu hemen egindakoak;batzuk oparitu egiten ditugu eta besteak etxean jarri ere, apaintzeko, esan digu Saioak.

Eskulanak3Intza eta Nagore Maioz Aginatik etortzen dira eta  gehien marrazkiak egitea gustatzen zaienez horretan ari ziren bakoitza koadro bat egiten. Eskolatik kanpo margotu egin nahi genuen eta horregatik eman genuen izena hemen eta ongi pasatzen dugu etortzen garenean. Hauek ere etxera eramaten dituzte margolanak eta batzuk eskolako lagunei oparitu.

Berak zein umeek egindako margolan eta eskulanekin utzi dugu txokoan Mari Jose Iparragirre. Ikasturtea orain bukatuko bada ere, urria aldera berriz hasiko dira martxan eskolak eta lokalean jakinaraziko du izena noiz eman behar duten margo artean ibili nahi duten gaztetxoek.

 



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide