Eguraldi ona izan zuten auto gidariek larunbatean, maiatzaren 25ean, Aiako 6. auto igoeran. Guztira 41 ibilgailuk hartu zuten parte lasterketan eta denbora onak egin zituzten errepide lehorraren gainean.
Ez zen ezusteetarako tarterik izan. Kategoria printzipalean, eserleku bakarreko autoetan, Aitor Zabaleta izan zen irabazle bere Lola BMW auto ezagunarekin. Bere errekorretik segundo bakarrera helmugaratu zen minutu 1 eta 55 segundoko denbora eginda. Atzetik izan zituen Aitor Arakistain eta Arkaitz Ordoki, biak ere Silver Car S2 autoarekin. Arakistainek, gainera, bi minutuz azpitik geratu zuen kronoa.
Turismoetan etxeko gidariarengana zuzentzen ziren begirada guztiak. Emaitza onak eskuratuz dabiltza Gorka Eizmendi gidaria eta Haritz Olasagasti kopilotua eta Aian ere hor ibili ziren garaipenerako lehian, beren Subaru Impreza autoarekin. Baina ezin izan zuten Aitor Ramirezek bere BMW 320STarekin egindako denbora hobetu. Hirugarren Ekain Eizagaetxeberria izan zen Mitsubishi Evo VI autoarekin,
Formula libreko Euskal Kopan hamabi auto izan ziren lehian. Ander Corcuerak irabazi zuen Volkswagen Golf GTI autoarekin, bigarren Alberto Murillo izan zen BMW M3arekin eta hirugarren IƱaki Alberdi Ford Escort MKII kotxearekin.