Ikastetxeetako jaiak asteburu honetan hasiko dira

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko maiatzaren 31

Ekainaren 1ean Zaragueta Herri Eskolaren jaia izango da eta ekainaren 9an Orioko Herri Ikastolarena

Ohikoak izaten dira txoko guztietan ikastetxeetako jaialdi eta festak urteko garai honetan.Ikasturtea bukaerara iristen doan bezala egiten dituzte beren festak eta denetariko ekintzak izaten dituzte.

Zaragueta Herri Eskolakoak izango dira ikastetxeko jaialdia egiten goiztiarrenak aurten. Eskolakoek ekainaren 1ean, larunbatarekin egingo dute beren festa. Goizeko 11:00etan hasiko dira ikasleen emanaldiarekin. Horretarako irakasleen laguntza izaten dute eta aurreko egunetan jaialdian egin beharrekoarekin buru-belarri dabiltza ikasleak.

Gainontzekoa gurasoek antolatzen dute. Ikasleek ikuskizuna bukatu eta bazkaldu egingo dute segidan eta haien atzetik bertaratzen diren gurasoek eta irakasleek. Arratsaldean bestelako tailerrak eta ekintzak izaten dira. Aurten, eskolaz kanpoko orduetan judoan jardun duten ikasleen erakustaldia izango da arratsaldean.

Ekainaren 9an, igandearekin, Orioko Herri Ikastolakoen txanda izango da. Goizerako egitaraua osatu dute eta Marisa Aranburu irakaslea omenduko dute bertan, 25 urteko lana eskertuz. Goizean 10:30ean ttuntturroak ibiliko dira kalez kale eta 10:50ean txalapartarien deiarekin hasiko da jaialdia kiroldegian. HHkoek udaberria izango dute beren ikuskizuneko gaia. Segidan LHkoek itsasoaren inguruko emanaldia eskainiko dute. Guztia bukatzean, 12:30 inguruan, hamaiketakoa egingo dute ikastola aurreko plazan, gurasoek egindako tortilla eta txorizo egosiarekin.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide