Datorren ekainaren 8an, larunbatarekin, goizeko 10:30ean hasita, 7. bizikleta eguna izango da Zaragueta Herri Eskolak antolatuta. Eskolan bertan elkartuko dira bizikletaz gozatu nahi duten guztiak eta txikienak trizikloz ibiliko dira handik irten gabe.
Gainontzekoak elkarrekin abiatuko dira eta bi ibilbide egingo dituzte. Lehendabizi guztiak batera eskolatik atera, hondartzara joan eta handik Anibarko Portura joango dira. Bueltan, zubi parean, txikienek Zaraguetarako bidea hartuko dute eta handiagoek, berriz, Oribarzar aldera joko dute.
9 urtetik beherako haurrak pertsona heldu baten ardurapean joan beharko dute eta derrigorrezkoa izango da parte-hartzaile guztiek kaskoa eramatea.
Bukaeran, indarrak berritzeko eskolan hamaiketakoa egingo dute guztiek batera.
Herrian bizikletaren erabilpena sustatzeko eta familia giroan goiz pasa atsegin bat egiteko antolatu du Zaragueta Herri Eskolak 7. bizikleta eguna.
Ekainaren 9an, Ikastolaren jaialdia
Ekainaren 9an, igandearekin, Orioko
Herri Ikastolakoen txanda izango da.
Goizerako egitaraua osatu dute eta Marisa
Aranburu irakaslea omenduko dute
bertan, 25 urteko lana eskertuz. Goizean
10:30ean ttuntturroak ibiliko dira kalez
kale eta 10:50ean txalapartarien deiarekin
hasiko da jaialdia kiroldegian. HHkoek
udaberria izango dute beren ikuskizuneko
gaia. Segidan LHkoek itsasoaren
inguruko emanaldia eskainiko dute.
Guztia bukatzean, 12:30 inguruan, hamaiketakoa
egingo dute ikastola aurreko
plazan, gurasoek egindako tortilla eta
txorizo egosiarekin.

Bestalde, ostirala arte zabalik izango da Ikastolako ikasleek egindako lanen erakusketa Ikastolako aretoan. Erakusketa ondorengo ordutegian izango da zabalik: 17:00etatik 19:00etara.