Atzo, ekainaren 6a, ezohiko bilkura egin zuen Orioko Udalak. Zinegotzi guztiak bertan zirela egin zen plenoa eta mahai gainean jarritako gai guztiak onartu zituzten.
1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarrak 2013ko apirilaren 30ean egindako ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa. Ahobatez onartu zen, 13 aldeko botorekin.
2.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Nueva Cerámica Arocena enpresaren ondoan dagoen Etxeluze izeneko eraikinaren erosketari buruz. Bildu eta Orainen aldeko 7 botorekin eta EAJkoen 6 abstentziorekin onartu zen gaia. Etxeluzeren erosketarako 156.975€ erabiliko ditu Orioko Udalak. EAJk bere abstentzioa justifikatzeko ordainketa berek proposatu zuten moduan ez dela egingo eta tasazioa ez dela berritu esan zuen. Bilduko zinegotziek EAJkoei erantzunaz, gauza horiek batzordeetan eztabaidatu behar izaten direla eta azken batzordean ez zirela izan esan zuten.
3.- Adjudikatzea, egoki bada, Orioko udal kanpineko taberna eta supermerkatu zerbitzuak kontzesio administratiboko erregimenean emateko kontratazioa. Ahobatez onartu zen, 13 aldeko botorekin. Kontsezioa Amaia Gozategi Kortari egitea erabaki du Orioko Udalak.
4.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Karela udal kiroldegiaren gestio integralaren kontratuari buruz. Bildu eta Orainen aldeko 7 botorekin eta EAJkoen 6 abstentziorekin onartu zen gaia. Erabaki horrekin, Karela kiroldegiaren kudeaketako oreka ekonomikoa ziurtatu nahi izan du Orioko Udalak. Hala, urtean 40.000 euro gehiago jarriko ditu Udalak kiroldegiko gestiorako, 110.000 eurotik 150.000ra igoaz bertan erabiltzen den diru-kopurua. EAJren ustez honek ez du arazoa errotik konponduko eta partxe bat dela irizten dute. Gaiak soluzio egokiago bat behar duela, integrala, gaineratu zuen Jon Redondok EAJren izenean.
5.- Onartzea, egoki bada, Frankismoaren Krimenen aurkako Kerellaren Euskal Plataformak aurkeztutako mozioa. Ahobatez onartu zen, 13 aldeko botorekin.
6.- Eskariak eta galderak. Herritar bat kexu agertu zen gai-ordeneko 3. puntuan hartutako erabakiarekin eta bertan erabilitako prozedurarekin. Izandako kexa eta ondorengo iritzi-trukaketa entzuteko, azpian duzue audioa.