Konposta egiteko ikastaroak jarriko ditu martxan mankomunitateak

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko ekainaren 13a

Ekainaren bukaeran eta uztailean izango dira saioak

Urola Kostako Udal Elkarteak konposta egiteko martxan jarri zuen kanpaina hirugarren fasean sartu da. Hala, etxean lorategia duten herritarrak etxean konposta egiteko animatu nahi ditu mankomunitateak.

Amaia Guruzeta mankomunitateko lehendakariak esan duenez, Urola Kosta Udal Elkartean edukiontzien bitartez biltzen den hondakin kopurua urtean 19.192 tonakoa da. Egindako azterketen arabera, etxeko konpostajearen bitartez kudeatu daitezkeen hondar organikoen kopuru potentziala 468 tonakoa da –etxeko konpostajea eta bizilagunen artekoa kontuan hartuta–. Guruzetaren hitzetan, sortzen dugun hondakin kopuru osoarekin alderatuz gero, konpostajearen bitartez prebenitu daitekeen hondakin kopurua %2,44koa da.

Kanpainaren hirugarren fasean gutunak bidaliko dira etxean konposta egin dezaketen etxebizitzetara. Gutun horretan, ikastaroak non eta noiz izango diren eta izena nola eman adieraziko da. Ikastaroaren iraupena ordubete ingurukoa da.

Orion bi ikastaro egingo dira eta Aian beste bi.

  • Aia. Ekainaren 20an eta uztailaren 1ean, 19:00etan, Kultur Etxean izango dira ikastaroak.
  • Orio. Ekainaren 18an eta uztailaren 3an, 19:00etan, Orioko Herri Ikastolan izango dira saioak.

Ikastaroetan izena emateko eta argibideak jasotzeko 943 554 874 zenbakira deitu edo konposta@urolakosta.org helbidera idatzi beharko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide