Hasiera ona eman diote TKE ligari Orio Arraunketa Elkartekoek. Ekainaren 16an jokatu zen lehen estropada, Bartzelonan, asteburu pasa joan ziren herritarren babesarekin.
Oriok lehenengo txandan jokatu zuen estropada. Alboan Castreña, San Pedro eta Kaiku. Denboraldia prestatzeko estropadetan indartsu ibili ziren oriotarrak eta egindako lanak bere fruituak eman zituen igandean. Txandako bigarren traineru onena izan zen, Kaikuren atzetik, 4 segundora. Hirugarren sanpedrotarrak, 10 segundora. Kaikuk 20 minutuan jarri zuen bandera irabazteko langa.
Bigarren txandan Hondarribia, Astillero, Pedreña eta Portugalete lehiatu ziren. Guztiak Orioren atzetik. Hondarribia izan zen horietan azkarrena, Kaikuk baino 9 segundo gehiago behar izan zituen estropada bukatzeko; Portugaletek, berriz, 14 segundo.
Baina hirugarren txandan azken test estropadako irabazlea, Urdaibai, zen lehiatzekoa. Zumaia, San Juan eta Tiran beste hiru kaleetan. Bermeoko ontzia jaun eta jabe izan zen txandan eta estropadan, 19 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten Urdaibaikoek 3 itsas miliak betetzeko.
Hala, denboraldiko lehendabiziko bandera Bermeora joan zen. Jon Salsamendi oriotarra dabil aurten entrenatzaile lanetan Urdaibain. Bigarren Jose Luis Kortaren Kaiku izan zen eta hirugarren Orio, 9 eta 13 segundora hurrenez hurren.
Aurten, Oriotik kanpora eta TKE ligan, sei trainerutan izango dira oriotarrak lanean: Hondarribian, Kaikun, Portugaleten, San Pedron, Urdaibain eta Zumaian.
Datorren estropadak ekainaren 29an eta 30ean jokatu dituzte. Lehendabizikoa Laredon; La Caixa bandera, eta, bigarrena, Portugaleten; Ambilamp bandera. TKE ligari dagokion Orioko estropada, uztailaren 21ean jokatuko da, eguerdiko 12:00etan; Orioko Kanpina bandera.