"Gaurko Ni-ak atzokoari" erakusketa zabalik Aiako Jauregi tabernan

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko ekainaren 20a

Jasone Irigoien aiarraren koadroekin osatutakoa da eta sandonatoak arte egongo da irekita

Jasone Irigoien, Agerresoro Txiki baserriko artista da, arte ederrak ikasia. Lizentziatu zenetik hainbat alorretan jardun du: margoa, eskultura, ilustrazioa, performancea,... Azken urteotan pinturako irakasle da, baita espresio tailerren gidari ere. Aiako Jauregi tabernan bere koadroekin osatutako Gaurko Ni-ak atzokoari erakusketa jarri du Irigoienek. Abuztua hasiera arte, sandonatoak arte, egongo da zabalik erakusketa.

Erakusketari buruz olerki bat ere idatzi du artista aiarrak:

 

Gogoratzen naiz zugan
begiotan zaitut
baina hain urrun era berean...

Atzo, herenegun,
oroimenaren hegoan
hain gertu sumatu zaitut
baina ezin ote zaitut ulertu ?

Eskuotan izan zintudan,
nire hatzetan bizi izan zinen
eta orain irudi hauei so natzaizu
keinuak errepikatu nahian

Nigan zara
hor nonbait,
atzokoa zinen zu
gaurkoa naiz ni
biharkoak gogoratuko al nau?

Horrela azaldu du olerkia Irigoienek: Olerkiak dioen moduan atzo, herenegun, iraganean izan nintzen horri ari natzaio. Izan nintzen hori ahaztu gabe eraiki nahi nuke etorkizuna, hari esker bainaiz naizena. Margotzean aske naiz. Hala izan nahi dudalako. Margotzean biluzten naiz. Eta arropak kentzearen lotsa ez da ezer barrunbeak biluztearekin alderatuz gero. Baina hala ere, bada garaia aske izateko, biluzteko, egiak esateko, bada garaia gu geu izateko epaien beldurrik gabe.

Abuztua hasiera arte izango da, beraz, Jasone Irigoienen erakusketa ikusteko aukera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide