Gipuzkoako Itzuliko erlojupekoa izango da Aian

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko ekainaren 20a

Ekainaren 21ean izango da proba, arratsaldeko 18:30ean hasita

Iaz Gipuzkoako 18. Klasika hartu zuten Aiako errepideek eta herriguneak. Aurten, berriz, duela bi urte bezala, Gipuzkoako Itzuliari hasiera emango zaio gurean. Ekainaren 21ean izango da proba, ostiralarekin, arratsaldeko 18:30ean hasita. Jubenilek egiten duten Gipuzkoako Itzuliko lehendabiziko etapa izango da Aiakoa. Ibilbide gorabeheratsua izango dute, 2011n izan zutenaren antzekoa: kalbariotan hasi eta plazan bukatu.

Lehenengotik azkenekoraino, banan-bana irtengo dira txirrindulariak, 30 segundoro. Probak trafikoan aldaketak eragingo ditu herrian. Horrela, Arginmuñotik hasita herrigunea erabat itxita egongo da arratsaldeko 17:30etik 20:30ak bitartean. Armendi-Gainetik Andazarrate aldera edo Zarautza joan nahi dutenentzat ez da arazorik izango. Udalak herritarrei eskatzen die, herri barrura sartu edota atera nahi izanez gero ordutegia errespetatzeko; edo, bestela, herriko sarreran uzteko kotxea.

Horrez gainera, herriguneko aparkaleku nagusia ere ez da erabilgarri izango 15:00etatik aurrera, eta, ondorioz ezingo da autorik utzi bertan.

2.530 Metro
Hori da txirrindulariek egin beharreko distantzia. kalbariotan hasi, Arginmuñora arte joan, buelta hartu eta Lardizabal eskolara. Handik eskuineko bidea hartu eta Armendi-Gain ingurura joango dira; bertatik Benta Berriraino jaitsi eta plazan bukatzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide