Ikasturte amaiera iritsi dela-eta, Danbolin Musika Eskolako dantza ikasleek, Ander Errastirekin ikasitakoa jendaurrean erakutsi zuten ekainaren 15ean, Karela kiroldegian. Harmailak jendez gainezka zirela eta musikariak eszenatokiaren alde batean, musika zein dantza klasiko eta modernoak uztartuz ikuskizuna eskaini zuten ikasle txikienetatik hasi eta nagusietaraino.
Euskal dantza ezagunenak ohiko arropa koloretsuekin egin ondoren, hainbatek dantza klasikoetatik atera eta koreografia bereziak prestatu eta egin zituzten dantzaldian.
Aurten dantza eskolak bukatuko dituzten ikasleek eskerrak emanez dantza berezia eskaini zioten Ander Errasti irakasleari eta bukaeran ikasle guztiek elkarrekin koreografia bat dantzatu eta kalejirarekin agurtu zituzten ikusleak.
Hona hemen ikuskizuneko hainbat argazki.