Ikasturte amaieran jaialdi polita egin zuten Aiako Lardizabal eskolakoek

Irati 2013ko ekainaren 21a

Marije Zumeta irakasle erretiratu berriari omenaldia egin zioten

Larunbata, ekainaren 15a, egun berezia izan zen Aiako Lardizabal eskolako ikasle, irakasle eta gurasoentzat. Izan ere, jaialdia, bertso saioa eta bazkaria izan baitzituzten ikasturte amaiera ospatzeko.

Probalekuan izan zen jaialdia eta kantuan eta dantzan aritu ziren ikasleak, batzuetan Txapasen soinuaren laguntzaz eta mozorrotuta beste batzuetan,senide, lagun eta irakasleen irribarreak eraginez.

Ekitaldiaren amaiera agur eta omenaldientzako baliatu zuten. Lehenengo, aurten Lardizabal utzi eta beste ikastetxe batera joango diren ikasle nagusienei egin zieten agurra eta pozez eta era berean emozioz hartu zuten ikasleek. Ondoren, ikastetxean 29 urte egin eta gero, 60 urterekin erretiroa hartu duen Marije Zumetari omenaldia egin zieten eta baita aipamen berezia ere, erretiroa hartu arren liburutegian aritzen den Juan Mari Etxaberi; musikarekin lotutako ekitaldiak eskolara eraman eta beste zenbait kontutarako eskura duten Mikel Markezi; zein astero Imanol Urbietaren eta bere euskal abestiak ikasleei irakatsiz aritzen den Txapasi ere. Ikasle, ikasle ohi, irakasle eta gurasoek egin zieten omenaldi txiki baina sentibera kantuan eta dantzan.

Bertsolarien txanda etorri zen gero, Iñaki Gurrutxagak eta Iñigo Izagirrek jardun zuten frontoian besteak txorizo pintxoak jaten ari zirela.

Bazkaltzen 200 lagunetik gora elkartu ziren eta Gabino Gonzalez de Txabarrik eta Maite Ibargurenek prestatu zuten paella beste hainbat gurasoren laguntzarekin. Partaidetza handia izan zen eta gustura ospatu zuten ikasturte bukaera.

Hona, jaialdiko argazki batzuk.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide