Futbol kontuak tarteko, txapelketaz txapelketa dabiltza azkenaldian Orioko Futbol Taldeko beteranoak. Astilleron izan ziren duela astebete pasatxo –ekainaren 15ean–, Manuel Preciadoren omenezko txapelketan eta pasa den asteburuan, berriz, Cudilleron izan dira bertako eta Asturiasko beste talde batekin osatutako hiruko txapelketa jokatzen.
Urteroko ohitura
Badira bost urte Orioko Futbol taldeko entrenatzaile eta zuzendaritzako kide Jaime Coladoren iniziatibaz txapelketa berezi hori jokatzen dela. Izan ere, Coladoren jaioterria den Oviñana alboan dago Cudillero eta aitzakia hori hartuta antolatu zuten aurreneko edizio hura. Orduz geroztik ohitura bihurtu da harako asteburu pasa.
Ekainaren 21arekin abiatu ziren Orioko Futbol Taldeko jokalari gehientsuenak Asturiasera. Oviñana ezagutzeko eta guztiek elkarrekin afaltzeko tartea izan zuten egun horretan.
Larunbateko txapelketaren aurretik ere inguruko bazterrak arakatu zituzten –Vidio faroa eta Potiella–. Cudilleroko futbol zelaian elkartu ziren berriz. Haiek iristerako jokoan zen txapelketako beste bi taldeen arteko partida. Haien lehia bukatu bezain pronto Tineoko taldearekin neurtu behar izan zituzten indarrak oriotarrek. 3 eta 0 gailendu ziren asturiarrak. Cudillero bertako futbol taldea hartu zuten gero gureek zelaian. 2 eta 1eko aldeko emaitzarekin, gustura abiatu ziren Orioko taldekideak aldageletara.
Hiru taldeetako jokalari, ordezkari eta lagun guztiek elkarrekin bazkaldu zuten atzetik, indarrak berreskuratzeko. Datorren urterako erronkak eta apustuak mahai gainean jarri eta agurtu zuten elkar.
Sasoiari eusteko
Astean behin, igande goizetan, biltzen dira Mendibeltz zelaian Orioko Futbol Taldeko beteranoak. Herriko taldean ibilitakoak dira asko eta asko; kanpotik etorritako zenbait ere bai tartean. Futbolaz gozatu nahi izanak biltzen ditu astero. Ordu eta erdi inguru egiten dute futbolean saio bakoitzeko, algara eta tarteka, intentzio txarrik gabeko ostika artean.