Datorren larunbatean, San Pedro egunean, bisita berezia izango du Orioko herriak. Candás herri asturiarreko musika banda izango da bertan. Azken Karkaran eman genuen banda honen nondik norakoen berri erreportaje nagusian.
Guztira 68 lagun etorriko dira bi autobusetan Asturiastik Oriora. Zarauzko aterpetxean egingo dute lo, baina bi egun pasako dituzte Orion. Musikariez gainera, Candásko Udal Korporazioa eta sagardo-edarizaina etorriko dira.
Banda honek, besteak beste, Oviedoko Príncipe Felipe aretoan jo du eta maila oso ona eman dute han eta hemen eskainitako kontzertuetan. Adibide bezala, hemen duzue bideo bat, Oviedo deituriko pasodoblearena hain zuzen ere:
Jon Agirresarobe festa zinegotziak festa programan kontatu du nola izan zuen bandaren berri eta nola lotu dituzten hariak. Hau da Agirresarobek kontatutakoa:
Harrigarria egin zait jende honen borondatea. Zinegotzi postuan daramatzat pare bat urte eta markatuta gelditu zait Museletik bost minutura dagoen herritar baten –Jose Migel Karrera Genovaren– eskutitza jaso nuenekoa, pasa den urteko uztailean. Euskaraz idatzia zegoen; Orioko lehengusu txiki baten alabari eskatuko zion itzultzeko. Detaileekin irabazten da jendea eta ni halakoekin. Ikasi dezatela beste askok!
Gutunean hala kontatzen zidan: bere birraitona oriotarra zela, marinela, eta, Candás herriko portura iritsi zenean bertan gelditu zela, betiko. Dirudienez, bizkaitar eta gipuzkoar askok egin zuten gauza bera eta Asturiasko sagardoaren lurraldean ohikoak dira euskal abizenak.
Ondoren, Candáseko Bandaren presidentea zela kontatu zidan. Urtero bidaia egin ohi dutela eta aukeratuak izan ginela. San Pedro egunez, kontzertua eskainiko dute meza ostean. 80 bat musikari, David Möen musika zuzendari estatubatuarra buru dutela.
Opari bat izan da. Bazkari truke datoz musikariak. Detaileaz jabetuta, otsailean izan ginen Candás herria ezagutzen. Egun bakarreko bisita izan zen, baina herria eta musika banda ezagutzeko aukera izan genuen.
Urtebeteko harremana izan da. Adinak, distantziak, mundu ikuskerak eta abarrak desberdintzen gaituzte, baina pertsonalki izugarri daukat eskertzeko. Asko. Candaseko herriari eta bandari. Baina Joxe Migel Karrera Genovari bereziki. Bejondeizula. Baita gizona Oriora etortzen den bakoitzean etxean hartzen duen lehengusu txikiari, Inaxio eta Josune Genovari. Gozatu dezazuela.
San Pedro egunean izango da, beraz, hitzordua. Goizeko 11:00etan kalejira izango da eta 13:00etan kontzertua plazan.