Orio eta aiarrak Quebrantahuesos txirrindulari lasterketan

Irati 2013ko ekainaren 26a

Sabiñanigo herrian abiatu eta 198 kilometroko ibilbidea egin dute, guztira 3.500 metroko maldekin

Sabiñanigoko –Huesca– Peña Ciclista Edelweiss-ek antolatutako lasterketa da Quebrantahuesos eta pasa berri den aste bukaeran hainbat oriotarrek eta aiarrek hartu dute parte han, guztira  8.351 partaide izan dituen aurtengo edizioan. Pirinioak zeharkatzen ditu bere ibilbidean Somport, Marie Blanche, Portalet eta Hoz de Jaca mendateak igo eta jaitsiz. 198 kilometroko eta 3.500 metroko malda ditu guztira lasterketak.

Lasterketa hain egin da ezagun ze txirrindulari profesional izandakoek ere hartzen dute parte, baita hasierako postuetan iritsi ere. Lehen postuak haiek eskuratu arren, hainbat oriotar eta aiarrek ere denbora onean bukatu dute proba. Bakoitzak lasterketa zenbat denboran egin duen antolatzaileen sailkapenean ikus daiteke.

Izan da egun berean Treparriscos lasterketa egin duen ingurukorik ere. Quebrantahuesosen egun berean egiten da baina parte hartzaile gutxiagorekin –1.659 aurten– eta ibilbidea 90 kilometrokoa da eta 1.300 metroko malda duena. Aurten ibilbidea, gainera, aldatu egin dute eta Brotoko bailaran barrena izan da gehienbat.

15 lagun inguru izan ziren hemendik bi probak egitera joandakoak. Ibilbideetan aldaketak egin arren, eguraldia lagun denborekin, jasotako animoekin eta probaren inguruan sortutako giroarekin gustura daude txirrindulariak.

Hona hemen Quebrantahuesos lasterketan parte hartu duten hainbat oriotarren argazkiak Hoz de Jacan gora.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide