San Pedro festen txupina bota aurretik izan da aurten Orioko Herri Ikastolak antolatutako kirol proba; marea eta triatloi egutegia direla-eta, duatloia izan da estreinakoz. Horrez gain, asteburuan izan ordez, ostiralarekin egin behar izan dute. Azken momentuko aldaketa horiek tarteko, jende gutxi animatu da aurtengo ediziora, baina ikusle ugari hurbildu da probaz gozatzera.
Hiru kategoriatan egin dute proba. 18:00ak jota atera dira gaztetxoak –33 denera– beren proba egitera. Esfortzu galanta egin dute neska-mutilek eta ia guztiak iritsi dira Ikastola aurreko helmugara, korrika eta bizikleta saioak bukatuta. Proba bizia izan da gainera eta Antton Iturain izan da azkenean lehenengoa metan. Elene Elizondo izan da bigarren eta atzetik etorri dira gainerako guztiak.
Gazteen txanda izan da ondoren. Aurrekoek baino ibilbide luzexeagoa egin behar izan dute parte hartu duten zortzi mutilek. Lehia estu baten ondoren, Lander Zumetak irabazi du gaurkoan, azken bueltan Joseba Rodriguez atzean utzita.
Gazteek bukatu bezain pronto irten dira helduak hondartzara bidean. Bi emakumezko eta bederatzi gizonezkok egin dute proba. Ibai Alba izan da guztietan bizkorrena eta Gotzon Iruretagoiena aiarra izan da bigarren. Andoni Camposen atzetik iritsi da aurreneko emakumezkoa, Maria Mendibe, laugarren.
Duatloiko argazkiak ikusteko klikatu hemen.