"Giza-dorrea egiteko giza-balioak landu behar dira" -Foix Cuyàs, Falcons de Vilafrancako presidentea

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko eka. 29a, 14:24

Bigarren urtez jarraian izan dira "castellers" eta "castelleres"ak Orioko festetan "colla castellera"k egiten

Herrialde Katalanetako Vilafranca del Penedès hiriko castellersek bigarren urtez ekarri dute beren kulturaren baitako colla castellera-en ikuskizuna gurera. Oso harrera ona egin zitzaien iaz eta jendearen txalo zaparrada haiek animatuta, aurtengo Sanpedroetan ez dute hutsik egin nahi izan. Azken momentuko erabakia izan da gainera eta oriotarrek sorpresaz hartu zituzten atzokoan, ekainaren 28an, txupinaren ondorengo collak. 12 giza-dorre mota egiteko gai dira Falcons de Vilafrancako kideak eta horietako batzuk eskaini zizkiguten Orioko Plazan geunden guztioi.

Hiru egun egingo dituzte denera Orion. Izan ere, inguruotako festez gozatzera etorri dira kataluniarrak. Lasarteko Sanpedroetan izan ziren ekainaren 27an, Zumaian izango dira gaur, eta Eskoriatzan eskainiko dute ikuskizuna bihar, ekainaren 20ean. Egunero bueltatuko dira gurera, Karela kiroldegian egingo baitute guztiek –60 castellers dira guztira– lo.

Collak zabaltzen

2013-Castellers de Vilafranca1Urte asko eta asko –30 inguru– dira Euskal Herrirako bidea estreinakoz hartu zutela Vilafrancako castellersek. Herreran izan ziren lehen aldi hartan eta hainbat eta hainbat herri eta hiri bisitatu dituzte harrezkero. Euskal Herrian gain, Espainiako eta Europako beste zenbait herritan –Alemanian, Italian, Portugalen, Parisen...–ere izan da Falcons de Vilafranca taldea.

Horretarako baina prestatu beharra daukate. Astean behin, bi orduz, elkartzen dira guztiak neguan, giza-gazteluak egin eta egin aritzeko. Udan, berriz, astean bitan biltzen dira 3 eta 54 urte bitarteko castellersak. Falcons de Vilafrancako presidente Foix Cuyàsen arabera, beren kulturaren baitakoa izanik gogoz egiten dute lan. Horrez gain, collak egiteak berekin dakartzan balioak azpimarratu ditu: esfortzua, konpromisoa, laguntasuna, besteenganako konfidantza, ardura eta erabakiak hartzeko gaitasuna, autonomia, laguntasuna, taldeko jarrera eta belaunaldien arteko harremanak lantzen eta indartzen ditugu guztiok. Horiez gain, indarra, oreka eta bizitasuna ere behar ditu castellers batek.

Herrialde Katalanetako ohitura

2013-Castellers de Vilafranca21948an sortu zen Colla Vilafranca de Penedès hirian. Urteetan gizonezkoak bakarrik hartu izan ditu elkarteak eta duela urte gutxi hasi dira emakumezkoak ere giza-gazteluetan parte hartzen. Txikia zen garaian oraindik ere castellersak gizonezkoak zirela gogoan du Cuyàk. Bere belaunaldiak ekarri du aldaketa Vilafrancako Collara eta orduz geroztik goraka doa emakumezkoen parte hartzea.

Herrialde Katalanetako ohitura zaharrei eusten egindako lan guztiagatik Vilafranca del Penedèseko Udalak emandako Hiriko Domina eta Kataluniako Generalitatak emandako Premi Creu de Sant Jordi saria ditu bere Falcons taldeak.

UNESCOK Giza Ondare Inmaterial izendatu zituen castells-ak 2006an.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide