Uztailaren 18tik 21era 500 bisigu erreko dituzte Bisigu Festan

Irati 2013ko uztailaren 2a

1.000 txartel jarri dituzte salgai 50 eurotan eta erreserbak egiteko epea zabalik dago

Bisigua2Donostiako Ontzi Museoan, orduan bertan erretzen ari ziren bisiguaren usainean, aurkeztu dute aurtengo Bisiguaren Festa, Orion, uztailaren 18tik 21era bitartean, izango dena. Seigarren edizioa aurkezteko ekitaldian izan dira Beñat Solaberrieta Orioko alkatea, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari oriotarra, Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidentea eta Orio Estiloa zabaltzen lanean diharduten hiru parrilleroak –Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola–.

Bisigu Festa urtez urte sendotzen ari bada ere aurtengoan izango da berrikuntzarik. Beñat Solaberrieta alkatearen esanetan aurreko edizioetan helburu gastronomikoak bete dituzte, beraz, seigarrenerako asmo berriak zehaztu dituzte: arrantza tradizioa eta arrantza ondarea herritarrei transmititzen saiatzea. Orio herri arrantzalea izanik, arrantza eta gastronomia izan dira gure herriaren motora, eta tradizio hori transmititzeak berebiziko garrantzia du, dio alkateak. Horretarako, gastronomia ekimenez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira Orion: hitzaldia, mahai-ingurua, arrantza lehiaketa edota haurrentzako arrantza tailerrak.

Prezio igoera

Bisigu Festaren beste helburuetariko bat gerturatzen direnei bisigua prezio erakargarrian jateko aukera ematea bada ere, jaia ospatzen hasi zirenetik aurten igo dute lehen aldiz prezioa 45 eurotik 50era. Beñat Solaberrietaren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak Arrantza Azoketarako bideratzen duen aurrekontua gutxitu egin da –5.000 euroko laguntza jasoko du Orioko Udalak, lehen jasotzen zenaren bostetik bat–. Ondorioz, jaialdiaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko menuaren prezioa igo behar izan dugu. Edozein kasutan, kalitate-prezio oreka mantentzen jarraituko dugu.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saileko zuzendariak azaldu du, Orioko Bisigu Festa Euskadiko Arrantza Azoken barnean dagoela. Mutrikuko Berdelarena, Ondarroako eta Getariako antxoarena,  Ondarroako Legatzarena egin dituzte eta Lekeition hegaluzearena egitekoak dira. Bere hitzetan, horrelako azokak oso garrantzitsuak dira gastronomia ez ezik arrantza mundua gizarteratzeko. Gaur egun, 2.000 pertsona inguru dabil lanean itsasoan, eta beste 7.000 lanpostu daude lehorrean arrantza sektorearekin lotuta. Beraz, azoka hauekin arrantza sektorean lanean jarduten duten langileen lana aitortzea da asmoa. Baita ere herri arrantzaleak eta hango biztanleak piztea.

500 bisigu

Jende askoren ahaleginari esker antolatzen da bisiguaren festa, baina Orioko alkateak Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari Erretegiko Mikel Manterola parrilleroak eskertu ditu, erakusten duten profesionaltasunagatik, parrillarako daukazuen abilezia Bisigu Festaren zerbitzura jartzeagatik, lanerako erakusten duzuen prestutasunagatik… baina batez ere Bisigu Festari eskaini diozuen fideltasunagatik. Hauek erreko dituzte bisiguak festa egunetan, jendaurrean, Orioko plazan propio jarritako parrilla erraldoian. Lau egunetan bostehun bisigu erre beharko dituzte.

Bisigua3
Joxe Miel Zendoia parrilleroak jendea gonbidatu du Bisiguaren Festara zera esanez: Euskal Herritik irten eta jatetxeetan jatekoak Orio Estilora prestatuta daudela esaten duten menu, kartel... ikusteak niri oilo-larrua jartzen eta
sekulako poza eman dit. Orio Estiloa propio deitzen zaio beste leku batzuekin alderatuta ezberdin prestatzen dutelako, zuzenean parrilla gainean jarrita, besugerarik gabe eta inori baino hobeto ateratzen zaigu, beraz, horrela egiten jarraituko dugu. Beraz, ezinbestean etorri behar da Oriora bisigua jatera.

Luis Mari Urangaren esanetan, sekreturik ez dauka Orio Estilora egiten den bisiguak: Arraina gutxi xamar egina atera –gainean egon behar da, begira– mimatu egin behar da arraina eta gero olioa, ozpin pixka bat, laminatan moztutako baratxuria eta pipermin pixka batekin bero-bero botatzen diogu gainetik. Kiloko bisiguak 20 minutu inguru pasatzen du egiten.

Prentsaurrekoan bisiguak Orio Estilora nola erretzen diren azaldu ez ezik, bi bisigu erre dituzte kazetarien aurrean eta azalpenak eman ahala Luis Mari Uranga bisiguak zaintzera joan da puntu-puntuan egoteko eta hala zeuden gainera.

Menua eta txartelak

Aurreko urteetako bezala bost platerek osatuko dute menua: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrillan eta postrea; baita edaria eta kafea ere. Bost otordu izango dira guztira –ostegunean eta ostiralean, afaria; larunbatean, bazkaria eta afaria; eta igandean, bazkaria–. 1.000 lagunentzako txartelak jarri dituzte salgai, eta Erreserba egin eta txartelak erosi nahi dituztenek 943 830 904 edo 665 311 433 telefono zenbakietara deitu behar dute 10:00etatik 13:00etara arte eta 16:00etatik 18:00etara arte. Bisigua1

Ekintzak berriak

Egun horietan bisigua izango da protagonista, baina otorduez gain beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte herriko eragileekin elkarlanean, beraz, hauen laguntza ere nabarmendu du alkateak. Antolatu dituzten ekintzen artean honakoak nabarmendu ditu alkateak. Tailer, hitzaldi eta mahaingurua;  pintxo txikiteoa, marmitako dastatzea –larunbat eguerdian 1.200 razio 1,5 eurotan– eta hegaluze dastatzea igande eguerdian.

Estropadek ere izango dute, noski, bere lekua Bisigu Festan. Orain arte TKE1 Ligako Bisiguaren Bandera estropada izaten zen eta aurten TKE Ligako Orioko Kanpina Bandera jokatuko da. Baina  guztira hiru estropada jarraitzeko aukera izango dute Oriora gerturatzen direnek: Kantauri Arraun Elkarteko liga larunbatean eta igandean emakumezkoen Euskotren liga eta gizonezkoen San Miguel liga. Horren harira Orio Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegunek esan du asteburu horretan herrian elkartuko direla Oriok dituen bi produktu potenteenak: Arrauna eta bisigua. Aurten berriz San Miguel Ligan egonik herrian berriz piztu du poza eta ilusioa, beraz, gonbidatu nahi nuke jendea herrira etortzera eta saiatuko gara ahalik eta itxurarik onena ematen.

Kirol eskaintza ez da arraunera mugatuko. Minien erakusketa eta soka saltoan errekor ahalegina ere izango da Julio Aranburu Xapateroren eskutik.

Egitaraua

Uztailak 15, astelehena

19:00. Xabier Alberdiren hitzaldia Salatxo aretoan.   Oria ibaiko ontzigintza tradizioa.

Uztailak 17, asteazkena

19:00. Mahai-ingurua: Arrantza ondarea eta Arrantza Azokak. Hizlariak: Leandro Azkue, Arrantza Saileko zuzendaria, Begoña Gangoiti Bermeoko Udaleko Turismo teknikaria eta Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarra. 

Uztailak 18, osteguna

  • 21:00. Aurkezpen ekitaldia. Harribil dantza taldea eta Egunsentia Otxotea bertan direla.  Parrilleroek Bisigu Festa 2013 inauguratuko dute.
  • Jarraian, Pintxo-txikiteroaren aurkezpena. Taberna bakoitzak bere pintxo proposamena aurkeztuko du. Jaiak irauten duen bitartean, ostegunetik igandera, pintxoak dastatzeko aukera izango da zirkuituan parte hartu duten tabernetan.
  • Ordu berean, sagardoa dastatzeko aukera izango da.
  • 21:00.  Afaria. 

Uztailak 19, ostirala

  • 19:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.
  • 21:00. Afaria.

Uztailak 20, larunbata

  • 11:00 Arrain lehiaketa. Zenbat arrain mota ezagutzen dituzu?
  • 11:00. Arrantza tailerrak haurrentzako, eskulanak egingo dituzte.
  • 11:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.
  • 12:00 Mini autoen erakustaldia Ikastola ondoko plazan.
  • 12:00, marmitako-jana. 1.200 marmitako plater banatuko dira.
  • 12:00. Bisiguaren VI Bandera, TKE1 Ligarako puntuagarria.
  • 14:00. Otordua.
  • 18:00. Julio Aranburu Xapateroren soka saltoko errekor ahalegina.
  • 19:00. Bisigu Lehiaketa. Orioko elkarte gastronomikoetako ordezkariak lehiatuko dira.
  • 19:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.
  • 21:00. Otordua. 

Uztailak 21, igandea

  • 12:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.
  • 12:00. Orio Kanpina Bandera, TKE ligarako puntuagarria.
  • Hegaluzea dastatzeko aukera izango da.
  • 14:00. Otordua.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide