Larunbatean, uztailaren 6an, udal kanpineko bungalow berriak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango die Orioko Udalak nahi duten herritarrei. Bungalowetako batzuetan jendea dagoen arren, Udalak bi bungalow irekiko ditu sartu eta ikusteko. Bisita orduak 10:00etatik 18:00etara bitartekoak dira.
Bungalowen instalazioa nahi baino gehiago luzatu da denboran, azken hilabeteetako eguraldi euritsuagatik batik bat eta Udalak justu-justu ireki ahal izan ditu uztailaren hasieran. Beraz, inaugurazio ofiziala ez da orain egingo irailean baizik, zerbitzua dagoeneko martxan dago-eta.
Guztira, 34 bungalow jarri ditu Udalak: 6, gela batekoak; 22, bi
gelatakoak; 4, hiru gelatakoak; eta 2, aniztasun funtzionala duten
pertsonentzat egokituak. Txikienetan lau pertsona kabituko dira, eta handienetan, toki justuarekin bada ere, zazpi lagun. Guztiek izango dituzte auto batentzako tokia, aterpea, telebista, parrila eta sukaldea –bitrozeramika, sukaldeko tresneria, hozkailua, kafeontzia eta mikrouhin labea–.
Tarifak
Hiru denboralditan banatu dituzte tarifak: uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, goi-denboraldia; zubiak, Aste Santua eta uda hasiera eta bukaera –ekaineko azken bi asteak eta iraileko lehenengo biak– tartekoa, eta gainerakoa behe-denboraldia izango da. Goi-denboraldian logela bateko bungalowa alokatzea 85€ kostatuko da eguneko; bikoa eta elbarrituentzakoa 110€; eta hirukoa 135€; guztietan izarak eta toallak sartzen dira prezioan.
Udaletik adierazi dutenez, kanpinean bungalowak jartzen inbertsio handia egin dutenez, herritarrei erakutsi nahi diete zertan gastatu den diru hori eta zein izan den emaitza.
Taberna eta denda zabalik
Bestalde, larunbatean irekiko dituzte, baita ere, kanpineko taberna eta denda berrituak. Udalak obrak egin ditu espazioak hobeto antolatu eta aprobetxatzeko. Bezeroak bertaratzera animatzeko, zozketa antolatu du Udalak larunbatean tabernan zerbait kontsumitzen duten guztientzat. Saria honako hau izango da: asteburuko hiru egonaldi, bi gelatako bungalowean, irailean.