Kayak eta itsasontzi irteerak antolatu dituzte

Irati 2013ko uztailaren 8a

Turismo Bulegoan eman behar da izena

Udarako hainbat irteera antolatu dituzte Turismo Bulegotik eta hurrengoak Kayak eta Itsasontzian izango dira.

Uztailaren 9an, asteartean, 16:30ean, Orioko Turismo Bulegoan hitzordua egin ondoren, kayaketan bi orduko irteera egingo dute Oriako itsasadarrean. Izena emateko gutxieneko adina 12 urtekoa da eta 12tik 16 urtera artekoek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 15 euro. Antolatzaileek kirol jantziak eramatea gomendatu dute eta arraunean trebetasuna izatea beharrezkoa ez den arren igeri egiten jakin behar da.

Bestalde, iganderako, uztailaren 14rako, Orioko Kirol Portutik 17:00etan abiatu eta Donostiara bitarteko ordu eta erdiko irteera antolatu dute itsasontzian. Oria ibaiko kirol-portuak eskaintzen dituen nabigazio eta komunikazio aukera berriei esker, gaur egun, Orio eta Donostia inoiz baino hurbilago daude itsasoz. Itsaslabarrez mugatutako kostalde ezezaguna deskubritzeko aukera izango da eta Kontxako badiak eta Donostiako portuak eskainitako inguru lasaira iritsi arte. Eguraldia nolakoa izango den jakin ez arren antolatzaileen esanetan komenigarria da beroki bat eramatea. 12 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu behar dituzte eta besteek 17 euro.

Bi irteeretarako Turismo Bulegora joan edo telefonoz –943 835 565– deitu behar da.

 

 

 

 


 


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide