Arkaitz Agirre da Orioko Futbol Taldeko presidente berria

Irati 2013ko uzt. 8a, 18:51

Zuzendaritza berrian bi lan talde izango dituzte: administrazio arlokoa eta kirolekoa

Jesus Antonio Makazaga Makatza eta honekin batera zuzendaritza utzi dutenen lekua hartzeko talde berria izango da Orioko Futbol Taldean. Zuzendaritza berrian honako kideak izango dira:
  • Presidentea: Arkaitz Agirre,
  • Presidente ordea: Ruben Enparanza
  • Diruzaina: Jose Angel Iradi
  • Idazkaria: Jon San Sebastian
  • Batzordekideak: Maria Eugenia Atxega, Manu Exposito, Jaime Colado, Pello Xumeta, Imanol Amas, Jose Martin Alguacil, Iñaki Lizaso, Eugenio Genova, Iñigo Zaldua, Alberto Agirre eta Ion Amilibia.

Arkaitz Agirre presidenteak zuzendaritza berriaren asmoak jakinarazi dizkigu eta esan digunez, Makatzak eta beste hainbat presidentek eta beren zuzendaritza taldeek egindako lanarekin jarraitu nahi dute. Oso lan ona egin dute. Esaterako, garai batean, hondartza ondoan zegoen Antillako futbol zelaia Orioko erdigunera ekarri, lehen bi talde zirenak orain  zazpi-zortzi dira… Beraz, beren lana ona izan dela onartu eta ez da erabateko hausturarik egongo, desberdintasun handirik ez, jarraipena baizik.
 Makatza eta Arkaitz Agirre

Hala ere, funtzionamenduari dagokionez, izango da aldaketarik. Aurreko zuzendaritzaren joeraren arabera, pisua, Makatzak izan du, baina guk ez dugu hori jarraitzeko bidea denik uste. Makatzak klubeko arazo batzuk bere gain hartu ditu eta pertsonal bihurtu. Guk, ordea, hasieratik erabaki genuen talde handia osatzea, lanak banatzea eta Futbol Taldeko lanak inorentzat nekagarri ez izatea. Ni neu presidente izan arren taldearen egitura ez da batere presidenzialista izango denon artean eztabaidatuko ditugu gaiak eta baita erabakiak hartu ere, azaldu du Arkaitz Agirrek. Beraz, bi alderdi izango dira zuzendaritza berria-ren baitan: administrazio arloaz arduratuko dena bat eta kirol kontuekin bestea.

Jokalariei dagokienez, Orion orain arte egon den filosofia mantenduko dutela esan du Agirrek, hau da,  klubak futbolean ibili nahi duten oriotarrei irekiko dizkiela ateak eta herriko jendeari garrantzia emango dietela haientzat lan egitea. Kanpotik jendea etorriz gero haiek ere ateak zabalik izango dituztela, baina batik bat oriotarrei lehentasuna emanez. Gu bila ez gara normalean kanpora joaten. Gerta liteke talderen bat osatzeko behar izatea, baina gure asmoa ez da hasieratik kanpotik fitxaketak egitea. Orain, esaterako, nesketan infantil mailako bigarren talde bat osatu nahi genuke eta beharra izan genezake, beraz, inguruko taldeetakoekin hitz egin  eta nahi izanez gero ekarriko genituzke. 

Deialdia

Orioko Futbol Taldetik jakinarazi nahi dute datorren larunbatean, uztailaren 13an, bilerak izango direla infantil eta kadete mailako futbolarientzat 2013/2014 denboraldiari buruz hitz egiteko. Bilerak Mendibeltz zelaian izango dira.

  • 2000  eta 2001 urteetan jaiotakoak –Infantilak– 10:30ean.
  • 1998 eta 1999 urteetan jaiotakoak –Kadeteak– 11:00etan. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide