Larunbatean banatuko dituzte Arraunketa Elkarteko kamiseta horiak

Irati 2013ko uztailaren 10a

Egindako hainbat bidaiek eragindako gastuen berri eman du elkarteak, 24.000 euro guztira

Orio Arraunketa Elkarteak, urtero egin ohi duen bezala, kamiseta horiak banatuko ditu bazkideen artean. Kamisetak jaso nahi dituztenek Herriko Plazara joan beharko dute larunbatean, uztailaren 13an, 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Bestalde, elkartetik diru kontuak ere izan dituzte hizketarako gai elkarteko bazkide eta zale askoren galderei erantzunez. Ekaineko bigarren astetik uztaileko bigarrenera bitartean aulki mugikorreko txapelketa guztiak izateaz gain, traineruak ere hasten dira hara eta hona eta horrek ekarri dituen gasturik nagusienen berri eman dute:

  • Bartzelonara TKEko estropada jokatzera 26 laguneko taldea: 6.000 euro
  • Sevillara jubenil, senior eta beteranoen mailetako arraunketa olinpiko txapelketara 17 pertsona: 4.500 euro
  • Banyolesera infantil eta kadete mailetako arraunketa olinpiko txapelketara 24 pertsona: 6.500 euro
  • Galiziara TKEko estropadak jokatzera 28 laguneko taldea: 6.500 euro

Horiez gain, Laredon, Portugaleten, Lekeition, Elantxoben… izan dira beste hainbat estropadatan. Hemendik aurrera hiru trainerurekin inguruan  ibiliko gara denboraldiari aurre eginez. Pertsonal mugimendua ez da jaitsiko baina gastuak ez dira hainbesterainokoak izango, azaldu dute Orio Arraunketa Elkartetik.

Makazagari elkarrizketa

Elkartetik hori azaldu dute eta elkarteko kideen esanak beste hainbat tokitan ere jasotzen dira. Igor Makazaga, Orio Babyauto klubeko entrenatzaile eta arraunlariari elkarrizketa egin diote TKEko San Miguel Ligako webgunean. Lehiakortasuna, Orio Babyautoko arraunlariak, iazko denboraldia eta herriaren jarrera, TKE eta KAE ligen inguruko hausnarketa… izan dituzte hizpide. Pozik agertu da San Miguel Ligako bigarren postuan daudelako. Berak elkarrizketan besteak beste adierazi duenez, Garaipenekin gozatu ezinik ibili ginen KAEn, garaipenik gabe gozatzen ari gara TKEn.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide