Bypass euskarazko filma emango dute larunbatean hondartzan

Irati 2013ko uzt. 10a, 18:19

22:30ean hasiko da saioa

Uda giroa aprobetxatuz, larunbatean, uztailaren 13an, Bypass euskarazko filma emango dute 22:30ean Antillako hondartzan. Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako filma da eta Unax Ugalde, Barbara Goenaga, Sara Cozar, Mikel Losada, Gorka Otxoa eta Itziar Atienza dira aktore nagusiak.

Komedia erromantikoa da Bypass filma melodrama ukituekin eta honako istorioa kontatuko du: Maria –Sara Cozar– sendatu ezin den bihotzeko gaixotasun batekin hiltzear dago ospitalean eta Xabi –Gorka Otxoa– berria jakitean bere lagun Mariari agur esatera joango da. Ikustera sartu aurretik jakingo du neska beti egon dela berarekin maiteminduta ezkutuan, eta haren azken orduak goxatzeko-edo, bera ere maiteminduta dagoela esango dio. Albistea entzuteak emango dion pozarekin, eta pronostiko guztien aurka, Mariak krisia gaindituko du. Xabik, ordea, plantak egiten jarraitu beharko du, egia esatea hura hiltzea bailitzateke: medikuek jakinarazi diote edozer atsekabek haren bihotza apurtuko lukeela. Baina, inork ez dakien arren, Xabik neska-laguna du, eta haurdun dago. Xabik bizitza bikoitza izango du, bere benetako neska-lagunak, Nereak –Barbara Goenaga– jakin gabe Mariaren bikote den itxura eginez.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide