Bederatzigarren urteurreneko ospakizuna egin dute Eguneko Zentroan

Irati 2013ko uztailaren 12a

Senitartekoak joan dira adinekoekin hamaiketakoa egitera

Bederatzi urte bete dira gaur Orioko Eguneko Zentroa ireki zenetik eta hori ospatzeko adinekoek egindako eskulanekin beren txokoa apaindu eta hamaiketakoa izan da Eguneko Zentroan egoten direnentzat, senitartekoentzat eta baita langile eta Udal ordezkarientzat ere.

Eguneko Zentroan 25 lagunentzako tokia badago ere, orain adineko 15 joaten dira.  Batzuk astelehenetik ostiralera arte joaten dira egunero eta besteak badaude asteko zazpi egunetan joaten direnak ere. Goizean joan orduko batzuk bertan gosaltzen dute eta gero denetariko jarduerak izaten dira egunean zehar: gimnasia, egunkaria irakurtzen diete eta denen artean komentatu, eskulanak memoria lantzeko ariketak egin… Adineko askotariko jendea dago, baina asko dira memoria arazoak dituztenak, beraz, gehiago ez galtzeko, mantentzeko, egiten dituzte jarduerak, dio zentroko gizarte langile Maider Muruak. Bazkaldu eta batzuk askaria ere han jaten dute, baina ospakizuneko hamaiketakoarekin beharbada bazkaritarako gogo gutxiago izango dute. Izan ere, inguruan hainbeste jenderekin eta jateko aukerarekin adinekoak pozik ikusi ahal izan dituzte bertaratu direnek.

Adinekoekin hiru laguntzaile egoten dira eta horrez gain, gizarte langilea, psikologoa eta koordinatzailea. Senitartekoak Eguneko Zentrora eramaten dituztenek, berek han jasotzen duten zaintzarekin eta egiten dituzten ariketekin gustura daude

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide