Giza probetako Orioko bi taldek hitzorduak dituzte asteburuan

Irati 2013ko uztailaren 12a

Mutilak Mendaron arituko dira Gipuzkoako txapelketan eta neskak Azkoitiko Urrategi auzoan

Giza-proben Gipuzkoako txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko da Mendaron larunbatean. San Pedro festetan Orioko Heldu taldea izan zen irabazle lehen kanporaketan Mendaro, Berrobi eta Debako taldeen aurka. Heldukoek 47 plaza egin zituzten etxean eta finaleko atarian daude. Debarrek 44 plaza egin zituzten eta larunbateko probara Berrobikoengandik 22 metro eta 15 zentimetroko abantailarekin iritsiko dira. Mendarotarrek etxean jokatuko dute eta zaleen animoak izan arren, Orion 39 plaza eginda gogor aritu beharko dira beste taldeen emaitzak gainditzeko. Mendaroko saioan, gainera, harri astunagoari egin beharko diote tira; lehenengoan 800 kilokoarekin aritu ziren eta bigarrenean 950ekoarekin. Uztailaren 13an izango da bigarren kanporaketa Mendaroko Garagartzako eliza aurrean 18:00etan hasita. Aiako abuztuaren 4ko finalerako txartela zeinek lortu erabakiko dute Mendaroko saioa amaitu eta bi kanporaketetako emaitzak batuta; Aian Urretxu eta Zizurkilgo taldeak izango dituzte aurkari.

Neska eta mutil elkarren aurka

Bestalde, Azkoitiko Urrategiko amabirjinaren jaiak dira aste bukaeran eta igandean, uztailaren 14an,  gizon-emakume proba izango da Urrategi auzoko  gizonezkoen taldea emakume proban ari den Orioko taldearen aurka. Aurtengo jaietako berrikuntza da gainera giza proba hau.  Izan ere, zaldi, asto edota giza probak egin izan dituzte azken urteetan, baina aurtengoan emakumeak ere batu dira ekimenera. Auzoko giza proba taldeko sei gizonezko Orioko taldeko zortzi emakumeren aurka arituko dira 500 kiloko harria gainkargarekin mugituz hamabost minutuan. Azkoitiko taldea duela bost urte inguru sortu zuten sei auzotarrek, eta ordutik Urrategiko festetan erakustaldiak eskaini izan dituzte. Orioko taldeko neskak hainbat probatan aritu dira antolatzaileen esanetan proba parekatua izango da.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide