Maria Mamertaren argazki erakusketa izango da ikusgai Iturraranen

Irati 2013ko uztailaren 16a

Irailaren 15era arte egongo da ikusteko aukera

Iturraran parketxea eta lorategi botanikoa bisitatzen dutenek makina bat landare ikusiko dituzte, baina nork ez du gustuko landare horien detailerik txikienak ikustea? Horretarako aukera izango dute Iturraranera gerturatzen direnek baina oraingoan argazki bidez. Maria Mamertaren argazki erakusketa egongo da ikusgai irailaren 15era arte parketxean. Asteartetik igandera bitartean 10:00etatik 14:00etara bitartean irekiko dituzte erakusketako ateak. Helduek euro bat ordaindu behar dute sarrera eta  5 eta 12 urte bitarteko umeek euro erdi.

Mamertak 31 argazki jarri ditu guztira, denak koloretan, lore eta paisaiak koloretan ikustea beti ere politagoa delako, esan du egileak. Argazki gehienak makroak dira, hau da, berez oso txikiak diren lore edo landareak argazkian oso handi ikusten dira. Esaterako, 3-4 zentimetro dituen loretxo baten argazkia tamaina handian ikusten da erakusketan bere euri tantatxo eta guzti. Honela, jendea ohar daiteke berez parkean dauden loreak eta pasatu hutsarekin ikusiko ez lituzkeenak hor daudela eta hurrengoan beharbada arretaz begiratuko du. Argazki makroez gain basoa mugimenduan erakusten duen beste irudiren bat ere jarri du.

Argazkilari profesionala izandakoa da Maria Mamerta, baina estudioa utzi eta gaur egun zaletasuna da beretzat argazkilaritza. Pagoetan sarri askotan ibiltzen da argazkiak ateratzen. Batzuetan euria egin duelako eta lore eta zuhaitzek tantak izan ditzaketelako, hurrengoan loreak hazten daudelako… beti egoten da aitzakiaren bat hango edertasuna argazkietara eramateko, dio Mamertak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide