Uztailaren 16a Karmengo Amaren eguna. Itsasoaren zaindari izanik egun hori baliatzen dute itsasoarekin lotura izan duen jendea omentzeko: arrantzaleak, saregileak eta senitartekoak. Horren harira, asteartean Gipuzkoako arrantzale zaharren 86. urteurrenaren ospakizuna egin zuten Donostian. 70 urtetik gorako 360 marinel zeuden gonbidatuak ekitaldira, horietatik 54 oriotarrak, Donostiara 120tik gora arrantzale erretiratu joan ziren, Oriotik 13.
San Telmo Museoan hasi zen omenaldia eta hainbat agintarik hitz egin zien arrantzale erretiratuei. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, politikarien lana arrantzaleen sektorea babestea eta horien alde egitea dela azpimarratu zuen eta arrantzaleei eskerrak eman zien guztion gizartearen izaeraren eta kulturaren parte direlako. Uste dugu bai bertakoei eta baita ingurukoei ere erakutsi egin behar zaiela zer den arrantza eta zer ekartzen dion herri honi. Arrantza sektorean lan egin duten emakumeei ere aipamen berezia egin zien. Bestalde, Roke Akizu Gipuzkoako Aldundiko Turismo Zuzendariak esan zuen ezin daitekeela irudikatu portu bat itsasontzirik edo arrantzalerik gabe eta turismo aldetik ere sekulako garrantzia daukala. Gure paisaiaren parte zarete, gure paisaia egiten lagundu duzue. Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak gaineratu zuen arrantzaleek egindako lana beti izan dela gogorra, baina herri honi izaera eman diona.
Arrantzale eta saregileentzat opariak
Ondoren, omendutako arrantzale bakoitzarentzat oparia bazegoen ere, Gipuzkoako portu bakoitzeko arrantzale batek jaso zuen oparia denen ordezkari, ekitaldian zegoen herri bakoitzeko nagusienak. Orioko ordezkari Manuel Uranga Aiestaran izan zen. Arrantzaleak gizonak izan arren arrantzan emakumeek ere garrantzia handia dutela gogoratu zuten ekitaldian. Emakume saregileen lana eskertzeko portu bakoitzeko sari bat banatzeaz gain, emakume bat saritu zuten, Maria Luisa Murgiondo oriotarra, 91 urtekoa. Lore sorta ez zuen bere senitarteko batek jaso zuen Murgiondo kanpoan oporretan dagoelako.
Bertso eta dantzarekin bukatu zen San Telmo Museoko ospakizuna eta gero San Pedro elizan meza entzun ondoren, Kresala Dantza Taldekoek agurra dantzatu die. Ospakizunak borobiltzeko Alde Zaharrean bazkaria egin zuten elkarrekin.
Orion elizkizuna eta prozesioa
Donostian ez ezik, Orion ere, urteroko ohiturari jarraituz, elizkizun berezia egin zuten San Nikolas elizan. Ondoren, amabirjinaren irudia prozesioan, arraunen babesean moilara eraman eta dantza eskaini zioten. Gero propio apaindutako gurdian jarri eta goraipatu egin zuten itsasoaren zaindaria. Apaizak bedeinkazioa egiterakoan saregileak eta arrantzaleak gogoratu zituen, beren bizibidea itsasotik ateratzen dutenak; ibaian jolasean eta igerian ibiltzen diren haurra; herriko arraunlariak; eta itsasoa maite duten guztiak.
Karmengo amabirjinaren omenez egindakoak bukatzeko bertaratutako herritarrek loreak bota zituzten moilatik uretara arrantzaleei eta ingurukoei zorte ona opatuz.
Hona Orioko argazkiak.