Kontxako uretan jokatu zen atzo, asteazkena, Gipuzkoako traineru txapelketa eta Orio izan zen txapeldun San Pedroko ontziarekin lehia estua izan eta azken luzean gainditu ondoren. Azken ziaboga Oriok San Pedrorekiko lau segundo atzetik egin bazituen ere, bukaeran piztu ziren oriotarren arraunak. Irakoitz Etxeberria patroiak estropadaren ondoren adierazi zuenez, bigarren luzean ikusi dugu gure kaletik ez genuela olatu bat bera ere hartzen , beraz, arraunlariei esan diot azkenean San Pedrokoengandik bertan-bertan joan, olatua hartu, pasatzen saiatu eta beren kaletik joango ginela. Horrela izan da, olatua hartu dugu eta 20-30 palada olatu gainean egin ondoren islara sartu gara hegan. Orio eta San Pedroren atzetik sailkatu ziren Hondarribia eta San Juan. Atzoko emaitzarekin Oriok bederatzigarren aldiz lortu du Gipuzkoako txapelketako bandera, San Pedroren pare jarriz.
Emakumezkoetan, berriz, laugarren izan ziren Orioko neskak. Zumaiak sekulako aldea atera zien gainontzeko traineruei, izan ere, bigarren sartu zen San Juan eta 19 segundo gehiago behar izan zituen. Orio lehenengoarengandik minutu bat eta 41 segundora iritsi zen, tartean Hibaika sartuta. Euskotren ligako sailkapen orokorrean ere ordena berean doaz lau taldeak.

Sailkapena
- Gizonezkoak
- Orio 20:05:66
- San Pedro 20:17:82
- Hondarribia 20:30:70
- San Juan 20:45:58
- Trintxerpe 21.06:36
- Getaria 21:10:88
- Zumaia 21:16:14
- Donostiarra 21:26:98
- Zarautz 21:42:02
- Hibaika 22:50:46
- Emakumezkoak
- Zumaia 11:15:96
- San Juan 11:34:18
- Hibaika 11:44:06
- Orio 12:08:64
- Zarautz 12:56:80
Arraun festa asteburuan
Bestalde, asteburu honetan, Bisiguaren Festaren baitan, arraun festa ere izango da Orion. Izan ere, larunbat eta igandean hiru bandera izango dira jokoan eta asteazkenean egin zuten horien aurkezpena Orioko Kanpinean. Orioko Udala eta Orio Arraunketa Elkartea oso gustura agertu ziren aurkezpenean. Beñat Solaberrietak azaldu zuen kanpinean aurkeztu nahi izan zituztela banderak uste dutelako kanpina Orioko herriarentzat estragikoa dela.
Larunbatean, uztailaren 20an, 12:00etan hasita, KAE 1 ligako bosgarren estropada puntuagarria jokatuko da itsasoko estropada eremuan. Lau trainerutako hiru txandatan lau luze eta hiru ziabogako jarduna egingo dute arraunlariek. Bisiguaren bandera irabazteko jokoan honako taldeak arituko dira: Busturialdea – Elantxobe; Camargo; Trintxerpe-Funeraria Vascongada; Getaria-Viveros San Antón; Zierbena Arraun Elkartea; Lekittarra‐BM; Santurtzi-Iberdrola; Donostiarra; Ondarroa A.E.; Orio‐Babyauto; Santoña C.R.; Zarautz-Inmobiliaria Orio.
Igandean beste bi estropada jokatuko dira Orion: 12:00etan Euskotren ligarako hirugarren estropada puntuagarria eta ondoren TKE Ligako XXIII. Orioko Estropadak – Orio Kanpina Bandera izango da jokoan bi kasuetan. Euskotren ligako 3. estropada puntuagarrian Zumaia Salegi Jatetxea Itziar taldea –sailkapenean lehena–, San Juan-Iberdrola, Hibaika-Jamones Ancin; eta Orio-Babyauto. Emakumezkoen estropada bi luze eta ziaboga bakarrera jokatuko da.
Emakumezkoek euren jarduna bukatuta hasiko da gizonezkoen proba eta besteak beste Orio Babyautok etxean San Miguel Ligako lidergoa lortzeko aukera du. Oraingoz Kaiku Ambilamp da liderra, 71 punturekin eta oriotarrak bigarren bi puntura. Oriotarrak pozik daude pasa den asteburuan gizonezkoen traineru nagusiak denboraldiko lehenengo bandera irabazi zuelako eta emakumezkoek, berriz, lehen aldiz Euskotren Liga jokatzeko sailkatzea lortu dutelako eta etxean ere maila ona ematen ahaleginduko dira.

Aurkezpenean, gainera, jakinarazi zuten uztailaren 7an hil berria den Juanito Lizarralde Altxerriren senitartekoek emango dutela igandean bandera. Arraunketa modernoa bultzatu zuen Orioko patroia eta arraunlaria erreferentea izan zen Euskal Herrian tostako arraunketan eta Orio Arraunketa Elkarteak urtetako lana aitortuz omenalditxo bat egin nahi izan dio honela.
Antolatzaileek hori azaltzeaz gain, eskerrak eman nahi izan dizkiete estropadak antolatzen parte hartzen duten boluntarioei eta baita babesle izango den Urbaser enpresari ere.