Bisigu festa martxan da asteburu guztirako

Irati 2013ko uztailaren 18a

Otorduetarako txartel guztiak salduta daude, baina herrian izango da gastronomiaz eta aisialdiaz gozatzeko beste aukerarik

Osteguna. Hasi da Bisiguaren Festa, gastronomia eta aisialdiaren bidez arrantza tradizioa eta ondarea transmitituko dituen jaia. Inaugurazio ekitaldian parrilleroak izan dira protagonista: Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola. Izan ere, horiek inauguratu dute Orioko plazako jatetxea, Beñat Solabarrieta Orioko alkatearekin eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza saileko zuzendariarekin batera. Ekitaldia Harribil taldeko dantzariek eta Egunsentia Otxoteko abeslariek girotu dute. Beñat Solaberrieta alkateak eskertu ditu parrilleroak, haiei laguntzen egongo direnak, borondatezko lana egingo dutenak eta eragileak. Bestalde, guztiei ongi pasatzea opatu die eta bide batez arraunlariak ere animatu ditu asteburuan lan txukuna egin eta zorte pixka batekin irabazteko.

Parrilleroen izenean Joxe Miel Zendoia Katxiñak esan zuen asko pozten dela Oriotik kanpora joan eta jatetxeren batean ikusten duenean Bisigua Orio Estilora egina dagoela esaten duen kartela oilo-ipurdia ateratzen zaiola. Ez du jartzen ez Usurbilgo estiloan ezta Zarauzkoan ere eta horrek izango du arrazoiren bat. Baina ez da guregatik bakarrik, gure ondoan daudenengatik, laguntzaileengatik, arrantzaleengatik... Denei ongi pasatzeko desioa ere egin die Katxiñak.

Parrilleroei, egiten duten lanarengatik, aitortza ere egin diete eta oroigarri bana jaso dute % Gorrotxategi firmako Iñaki Gorrotxategik, Orioko alkate Beñat Solaberrietak eta Basque Culinary Center-eko Joxe Mari Aizegak.

Inaugurazio ekitaldia amaitutakoan ireki dute jatetxea eta ordurako hiru parrilleroek eta laguntzaile taldeak dena prest zuten lehen bisiguak, eta bisiguarekin batera menua osatzen duten gainontzeko jatekoak zerbitzatzeko: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin eta zainzuriak, hori guztia ardo, txakolin, sagardo edo urez bustita. Bisiguaren ondoren, berriz, postrea eta kafea.

Igandera bitartean jateko eta aisialdiaz gozatzeko aukerarik ez da faltako Orion. Plazan propio prestatutako jatetxean egingo dituzten afari eta bazkarietarako ez dago txartelik. Bost otorduetarako salmentara ateratako 1.000 sarrerak agortuta daude. Jon Agirresarobe Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festak batzordeko buruak esan du urtero geratzen dela jendea kanpoan eta otordu gehiago nola eman aztertzen ari badira ere, momentuz ez dutela baleko irtenbiderik topatu.

Hala ere, txartela erosi ezinik geratu direnenentzat gastronomiarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako eskaintza oparoa prestatu dute, beraz, Orioko Udaletik herrira gerturatzeko gonbidapena egin dute Bisiguaren jaiarekin gozatzeko. Jaialdi gastronomikoa izanik, jatekoaren ingurukoek pisu handia izango dute lau egunetan. Antolatzaileek honako hauek nabarmendu dituzte: herriko tabernariekin elkarlanean antolatu duten pintxo poteo zirkuitua –arrain klase ezberdinekin prestatutako pintxoak; larunbat eguerdian prestatuko duten marmitako erraldoia –1.200 razio– eta Bisigu Lehiaketa –herriko elkarte gastronomientzat.

Estropadak

Kirolak ere pisu handia izango du Bisigu Festaren seigarren edizioan. Hiru estropada jokatuko dira: TKE Ligako Orioko Kanpina Bandera larunbatean, eta igandean ARC Ligako Bisiguaren Bandera eta emakumezkoen EuskoTren Ligakoa. Arraunaz gain, Julio Aranburu Xapatero soka saltoan Guinnes errekorra ezartzen ahaleginduko da. Bestalde, mini autoen erakustaldia ere izango da larunbatean Ikastola ondoan. 

Festa datutan 

Antolatzaileek Bisiguaren Festarako jatekoak prestatzeko zenbat janari eta osagai erabiliko duten azaldu dute datutan:

  • 500 bisigu: Lau egunetan kilo inguruko 500 bisigu erreko dituzte.
  • 350 kilo hegaluze
  • 250 kilo tomate
  • 35 kilo antxoa –8.000 tira inguru–
  • 50 litro olio
  • 15 kilo baratzuri
  • 500 kilo ikatz bisigua erretzeko

 

EGITARAUA

Uztailak 18, osteguna

21:00. Aurkezpen ekitaldia. Harribil dantza taldea eta Egunsentia Otxotea bertan direla.  Parrilleroek Bisigu Festa 2013 inauguratuko dute.

Jarraian, Pintxo-txikiteroaren aurkezpena. Taberna bakoitzak bere pintxo proposamena aurkeztuko du. Jaiak irauten duen bitartean, ostegunetik igandera, pintxoak dastatzeko aukera izango da zirkuituan parte hartu duten tabernetan. Taberna hauek osatzen dute zirkuitua:

  • Antilla: Antilla brotxeta plantxan (txipia, piper gorria, otarrainska, piper berdea eta olagarroa).
  • Arkaitz: marisko kanutilloak.
  • Aterpe: txipiroiak plantxan Aterpe erara.
  • Aurrera: antxoa arrautza-irinetan pasatua piperrez lagunduta.
  • Baraka: Baraka txipiroia.
  • Bordatxo: olagarroa Bordatxo erara
  • Gabon: bakailao kroketa.
  •   Goizeko: hegal-gorria (atuna, saltsa arrosa, tipula..).
  •   Gure Txoko: antxoa Gure Txoko erara.
  • Koasta: marisko salpikoia.
  • Kolon-Txiki: hegaluzea plantxan tipula eta piperrekin edo tomatearekin.
  • Loretxu: atun kroketa.
  • Salatxo: bakailao takoak piperradarekin.
  • Sarasua: marmitakoa.
  • Tragoxka: muskuilu amorratuak.
  • Xaloa: txipiroiak tintan.
  • Zaharren Babeslekua: bakailao tortilla.
  • Kaiua: Kaiua antxua.
  • Kalakari: gilda.

 Ordu berean, sagardoa dastatzeko aukera izango da.

 21:00.  Afaria.

Uztailak 19, ostirala

19:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

21:00. Afaria.

Uztailak 20, larunbata

11:00 Arrain lehiaketa. Zenbat arrain mota ezagutzen dituzu?

11:00. Arrantza tailerrak haurrentzako, eskulanak egingo dituzte.

11:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

12:00 Mini autoen erakustaldia Ikastola ondoko plazan.

12:00, marmitako-jana. 1.200 marmitako plater banatuko dira.

12:00. Bisiguaren VI Bandera, KAE 1 Ligarako puntuagarria.

14:00. Otordua..

19:00. Bisigu Lehiaketa. Orioko elkarte gastronomikoetako ordezkariak lehiatuko dira.

19:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

19:30. Julio Aranburu Xapateroren soka saltoko errekor ahalegina.

21:00. Otordua.

Uztailak 21, igandea

12:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

12:00. Orio Kanpina Bandera, TKE ligarako puntuagarria.

Hegaluzea dastatzeko aukera izango da.

14:00. Otordua.

Hona hemen Bisigu Festako argazkiak.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide