Urola Kostako enpresetako ELA sindikatuko ordezkariek bilera egin zuten joan den ostegunean Orioko Kultur Etxean. Lan erreformak aurrerantzean berengan izango dituen eraginak kezkatuta gertatuko dena argitzea zen helburua. Horretarako, langile ordezkariek dituzten zalantza juridikoak argitzen aritu zen ELA sindikatuarentzat zerbitzu juridikoak eskaintzen dituen Aimar Kortabarriak.Hemendik aurrera erantzuna prestatzen hasiko gara, erantzun juridikoa, nahiz eta ez dakigun zenbaterako balioa izango duen, adierazi zuen Urola Kostako ELA sindikatuko koordinatzaile Ramon Irazuk.
Langileen kezkak, besteak beste, jaso dituzten eskutitzek eragindakoak dira. Enpresetara jakinarazpen pila bat enpresetara iritsi dira esanaz beren baldintzak aldatu egin direla konbenioa bertan behera utzi dutelako. Susmoa dugu lehen nominarekin gerta daitezkeela zenbait aldaketa nahiz eta ez jakinarazi. Zenbaiti abendura arte orain arteko baldintzak mantenduko dizkietela jakinarazi diete enpresa batzordeek, baina hortik aurrerako asmoak ez dizkiete argitu, esan du Irazuk.
Urola Kostan hainbat arlotako 40tik gora enpresa – 2.000 langile inguru– gelditu dira lan itunik gabe ELAkoen esanetan, eta horrek eskualdeko ekonomian eragin handia izango du. Adibide gisa Tres Mares-eko –bainuetxeak– enpresa komitea aipatu zuen, gutxieneko soldata 645 eurora jaitsiko dietela esan diete.
Espainiako lan erreforma uztailaren 7an sartu zen indarrean, eta aurrerantzean nagusitasuna izango dute enpresako itunek eta estatuko itun kolektiboek, ondoren. Ez bata eta ez bestea ez baleude, langileen estatutua geratuko litzateke azken babes gisa. Aimar Kortabarriak azaldu zuenez, hitzarmenak desagertzen dira hitzarmenaren aurreraeragin klausulak desagertzen direnean. Legeak dio goragoko hitzarmena ezarriko dela eta hitzarmenik ez badago gutxieneko legalak. Beraz, guk ezin dugu eztabaidatu konbenioa aplika daitekeenik baina bai nola aplika daitekeen eta ea aurreko eskubideak mantentzerik dauden.
Kortabarriaren esanetan egon behar da bidea eztabaida juridikoa bai, baina ideologikoa ere badelako. Erreformak zabalik uzten dituelako alde bateko eta besteko posturak defendatzeko bideak eta bakoitzaren sentsibilitatearen arabera alde batean edo bestean kokatuko delako. Guk esperantza badaukagu epaileen artean egongo dela gauza hauek ulertu eta defendatuko dituenik baina ezin dugu aurreikusi.
Orain, eskari orokorra ez ezik bakarkako demandak ere aurkeztu behar dituzte gutunak jaso dituztenek eta hori abuztuaren hasierarako egin behar dutenez, sindikatuak eskaini beharreko laguntza handia da.