Bisigu festan inoiz baino jende gehiago ibili da aurten

Irati 2013ko uztailaren 24a

Julio Aranburuk Xapatero oriotarrak soka saltoan ez zuen errekorra gainditu

Bukatu zen asteburuko Bisigu Festa eta arrain zein jai usainari agur esan diogu Herriko Plaza inguruan. Oro har balorazio oso ona egin dute antolatzaileek. Plazako jantokia egunero izan da beteta eta festa giroan sekula baino jende gehiago ibili dela esan dute.

Bisiguak parrilla gainean jarrita pozik agertu ziren bai parrilleroak, baita jatera gerturatu zirenak ere. Izan zen egunen batean erreserba eginda izan gabe jateko tokirik ba ote zegoen galdezka joan zenik. Afaritara edo bazkaltzera joan zirenak gustura atera ziren jandakoekin eta bueltatuko direla ere batek baino gehiagok esan zuen.

Jantokia ez zen izan, ordea, Bisigu Festako bakarra. Arrainaren baitan zein giroa alaitzeko bestelako ekitaldirik ere izan zen. Haur eta gazteak marrazkien bueltan ibili ziren, batzuk bertan margotzen eta beste batzuek aurrez egindakoak ikusgai ere egon ziren plazan.

Nagusiagoentzat arrain lehiaketa jarri zuten plazan, hau da, 14 arrain ikusgai jarri eta ea zein motakoak ziren nork asmatuko ote zuen. Guztira 49 lagunek hartu zuten parte, baina denen izenak ez zituen inork asmatu. Batzuk asmatzen eta beste batzuk jakineko arraina jaten. Marmitakoa jarri zuten aukeran eta batzuk bertan zein besteek etxean jateko hartu zuten. 650 razio banatu zituzten guztira, iaz baino gutxiago, baina beharbada beroa ere izan zen horren arrazoia. Igandean hegaluzea hainbat motatan prestatuta probatzeko aukera ere eman zuten. Horiek lagunduz plazako kupeletatik sagardoa edan zuenik ere izan zen.

Larunbat arratsaldean Herriko Plazara gerturatu zirenek hiru kontutara izan zituzten begi-belarriak adi. Izan ere, Orioko elkarte gastronomikoen arteko bisigu lehiaketa izan zen batetik. Bost elkarte izan ziren eta Aldapako Bixente Lasa eta Eugenio Caballerok irabazi zuten. Epaile izan ziren Joxe Miel Zendoiak, Luis Mari Urangak eta Mikel Manterolak onak zeudela esan zuten eta egunen batean berek egin ezean badaude nork ordezkatu izan dezaketela ere. Bestalde, Julio Aranburuk Xapatero oriotarrak soka saltoan ordu erdiko saioa egin zuen eta 50 kilometroko errekorra osatzea zen helburua. 22. minutuan, ordea, kronometroak eten txiki bat egin zuen eta  errekorrik gabe geratu zen. Orioko probarako fin-fin aritu da entrenatzen eta baliteke aurki berriz ere saiakera egitea. Hirugarrenik Orio Pasaian egiten ari zen estropadari adi ere izan zen jendea eta baita pozik gelditu ere, Oriok irabazi baitzuen.

Hona hemen Bisigu Festako argazkiak.

Estropadak

Asteburuan estropadek hartu dute Orio. Larunbatean KAE 1 ligakoek Bixiguaren Eguna bandera zuten jokoan. Etzekoek lehia estua izan zuten lehen tandan Elantxoberekin. Azken ziabogan bizkaitarrengandik zazpi segundo aurreratu eta poparean olatuen laguntzaz  tanda irabazteko modua izan arren, bigarren kaletik lehenengora joan eta azken 100 metroetan arraunek elkar jo eta Orio kanporatu egin zuten. Ondorioz, Elantxobek sei puntuko aldea du Oriorekiko eta Orio play off postuetan dago orain.

Tanda nagusian Zierbena izan zen irabazle bigarren luzean Isuntza eta  Ondarroa atzean utzi eta Santurtzirekin lehia estua izan ondoren.  Lehen ziabogan hiru segundo zituen Santurtzik aldeko, bi Zierbenak bigarrenean eta hiru baita ere hirugarrenean eta bukaeran 10 segundo aurretik iritsi zen. Pareko daude bi traineruak eta bandera kopuruak erabakiko du KAE 1 ligaren irabazlea.

Bisiguaren banderako Joxemari Olasagasti, Jose Mari Lopez eta Luis Bixkiren argazkiak.

Igandean, Orion jokatu zen Orio Kanpina bandera. Nesketan, orain arte denboraldian egiten ari den bezala, Zumaia izan zen irabazle eta etxeko taldea, berriz, laugarren. Zumaiak, bigarren egin zuen Hibaikari, 7 segundo eta 66 ehuneneko aldea atera zion, San Juani 10 segundo eta 60 ehunenekoa eta Oriori  30 segundo eta 80 ehunenekoa. Sailkapen orokorrean hurrenez hurren daude Zumaia –12 puntu–, San Juan –8 puntu–,  Hibaika –7 puntu– eta Orio –3 puntu–.
Orio kanpina bandera Orio

Gizonezkoetan Hondarribiko traineruarentzat izan zen Orio Kanpina bandera. Denboraldiko bigarren bandera irabazi zuten Orion Mikel Orbañanosen mutilek. Oriotarrek, berriz, San Miguel ligako taulan lehen postua eskuratu zuten. Kaikurekin 91 puntura berdinduta, baina azken estropadan aurretik bukatu zutenez beraiena da elastiko horia. Urdaibai da hirugarren 81 punturekin eta Orion irabazle izan zen Hondarribia 77rekin laugarren.Orio kanpina bandera Hondarribia

Hondarribikoek Kaikuk izandako hutsegitea aprobetxatu zuten bandera eskuratzeko. Ohorezko tandaren hasieran epaileak Urdaibaikoen irteera baliogabetu eta hiru segundoko zigorra ezarri zieten lehenago atera zirelako. Bigarren irteera ona egin ondoren, Kaiku aurreratu zen, baina lehen ziabogan trabatu eta 10 segundotik gora galdu zituen. Bigarren luzea hasi orduko Hondarribiak hartu zuen aurrea eta Urdaibai eta Orio lehen posturako lehian gogoz aritu baziren ere bigarren izan ziren bizkaitarrak eta hirugarren etxekoak.

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide