Ni Euskalduna proiektuan aiton-amonei egindako bideo-elkarrizketa dibertigarri eta interesgarrien bidez beren herrietako gauza bereziak sareratu dituzte. Interneten jarri duten bideo berrienetarikoa Aiakoa da. Jose Mari Lertxundi, aiar peto-petoa! ageri da hitz egiten bideoan. Aian izugarriak bizi izan zituen gerra ostean, eta horretaz hitz egiten duenean emozioz betetzen zaizkio begiak, hala ere, hunkituta kontatu ditu Aiari buruz; garai batekoak eta azken urteotan bizitako aldaketen ingurukoak ere.
Ni euskalduna! memoria historikoa eta euskara gaitzat hartuz egindako hainbat lan batzen dituen, bideobloga da. Euskal Herriko hainbat herritako 60 urtetik gorako pertsonak azaltzen dira euskararen garrantziaz eta erabileraz, jai nagusien garapenaz, herriko zurrumurruez, pertsonai famatuez, herriko ohiko lanaz, antzinako bizimoduaz, inguruko herriekiko harremanez, eskolako ohiturez, gerra garaiko kontuez eta abarrez hitz egiten 10 minutu inguruko elkarrizketetan. Bakoitzak bere euskalkia erabili du eta orain dela 50 urte hitz egiten zuten bezala ari dira.
Proiektu honen helburuak dira herrien historia ezagutzera ematea, euskalkiak biltzea, 2.0 komunitateetan euskararen erabilera sustatzea, interneten eduki berri bat eraikitzea eta adin guztietako pertsonak bildu eta hurbiltzea.
Orain arte 60 herritan izan dira elkarrizketak egiten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldean eta Euskal Herriko herri guztiak ezagutzea da asmoa. Beraz, Oriora ere laster gerturatuko direla uste da.
Bideobloga Metroo sare sozialaren –herrien sare soziala– baitan dago, honek hasi baitzuen Ni Euskalduna! proiektua plataforman herri bakoitzari buruzko informazio gehiago sartzeko asmoz. Proiektua interesgarri izan daiteke Udalentzat, biztanleentzat, gazteentzat, helduentzat zein umeentzat herri bakoitzeko iragana eta orainaren arteko aldaketak agerian uzten dituelako.