Zenbaitek Orioko Mirotza faboritotzat izan arren, Sestaora joan da 2013ko Euskadiko traineru-txapelketako bandera. Jose Luis Kortaren gizonek erraz irabazi zituzten atzokoan beren txanda eta estropada; 7 segundoko tartea atera zion Bermeori, 8 segundokoa Portugaleteri, 17 segundo Hondarribiari eta 26 segundo Oriori (20:17,:5).
Lekeitioko uretan, bigarren txandan aritu zen Orio, Portugaleteko, Sestaoko eta San Pedroko ontzien alboan. Hasiera-hasieratik hartu zuen lehiaren burua Kaikuk eta bide horretan segi zuen estropada bukatu arte. Portugalete izan zen Kaikuri hortzak erakusten ahalegindu zen bakarra, baina ezin izan zion Kortaren mutilen erritmoari jarraitu. Mirotzak bizkaitarrak aurretik zituela egin zuen estropada guztia eta San Pedrok itxi zuen txanda.
Orioko entrenatzaile Igor Makazagaren hitzetan estropada tristea egin zuten gureek: egun txarrak izango ditugula aurreikusten genuen hasieratik eta horietako bat izan zen atzokoa. Denboraldiari gogoz eta ausart ekin diote, gustura daude orain arte egindako lanarekin baina ez dira horrekin konformatzen eta lanean, aurrean izateko irrikaz, jarraitzen dute.
Aurreneko txanda, berriz, Bermeok irabazi zuen. Hondarribia ere indartsu atera zen, baina kronometroa aurrera joan ahala, atzean geratu ziren gipuzkoarrak. San Juan eta Santurtzi izan ziren hirugarren eta laugarren, lehendabiziko txanda horretan.
Emakumezkoetan laugarren
Pronostikoak bete egin ziren emakumezkoen estropadan; Zumaiako neskek astindu dute Euskadiko Txapelketako bandera. 11 minutu, 2 segundo eta 42 ehunen behar izan zituzten zumaiarrek lehia bukatzeko. San Juan izan zen bigarren 13 segundora, Hibaika hirugarren 19 segundora eta Orio laugarren 37 segundora (11:39:91).
Hurrengo estropada
Espainiako Txapelketa baliatu beharko du Oriok Euskadiko txapelketa ahaztu eta indarrak hartzeko. Galizian, MoaƱako uretan jokatuko da txapelketa abuztuaren 3an eta 4ean, eta han izango dira oriotarrak atzoko arantza kendu eta estropada ona egiteko asmoz.
Euskadiko txapelketan lortu behar izaten da berez Espainiako aritzeko txartela, baina atzoko estropada hasi aurretik zekiten Kaiku eta Orio joango direla aurtengoan, gainerako taldeek uko egin baitiote gonbitari. Estropada polita iruditzen zaio Makazagari: Espainiako txapelketa ia guztietara joan gara aurtengoan; gazteak, umeak, neskak, mutilak... Trainerilletakoa bakarrik galdu dugu, traineru denboraldiko prestaketekin bat egin duelako. Oso estropada polita izaten da. Abuztuaren 3an. larunbatarekin, jokatuko da sailkapen estropada eta igandean, finala, bertan aritzeko txartela lortzen dutenentzat.
TKEko eta Euskotreneko datozen jardunaldiei dagokienez, berriz, Hondarribiako XXVI. Bandera izango da jokoan abuztuaren 10ean, 18:00etan. Mutilek bakarrik izango dute jardunaldia. Pasaian izango dute hamairugarren jardunaldia abuztuaren 11n, 12:00etan hasita.Euskotren Ligako zazpigarren estropada jokatuko dute aurrena neskek eta bukatzean, TKEkoa, mutilek.
Mutiletan, sei puntuko abantaila dio hartua Kaikuk Oriori momentuz eta tarte hori jaisteko ahalegina egingo dute gure mutilek, Igor Makazagaren aginduetara jarrita. Dena den, denboraldi aparta egiten ari dira oriotarrak, KAE Ligan aritzetik KAEko lehen postuak borrokatzera pasa baitira.
Bateletan txapeldun
San Inazio jaien baitan, Loiolatarra elkarteak antolatuta, Loiolako bandera jokatu zuten atzo, uztailaren 31n, Orioko neska-mutilek, jubenilek. Urumea ibaian jokatutako XXXIV. edizioko bandera ekarri zuten etxera mutilek eta XII. ediziokoa neskek. Bitik bi.