Kirol Zirkuitu berria urtea bukatzerako

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 1a, 22:20

Maria Aurizenea pasealeku inguruan kokatuko da eta irailean hasiko dira lanak

Maria Aurizenea pasealeku inguruan –Azkue Txiki eraikinaren albotik pasata– egingo dute laster Aiako kirol ibilbide berria. Hala erabaki zuten atzo –abuztuaren 1ean– egindako urteko hirugarren udalbatzarrean Udala ordezkatzen duten zinegotzi guztiek. Herrigunean herritar guztientzako moduko kirol ibilbide bat gehiago izango da hortaz aurrerantzean. Lanak irailaren erdialdean hasteko asmoa du Udalak, eta, hala izanda, azaroaren bueltan bukatuko lirateke.

349.378,60 euro kostako da kirol zerbitzu berria egitea; 155.000 euroko diru-laguntza eman du proiektua gauzatzeko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzatik eta Udal aurrekontuetatik finantzatuko da gainerakoa. 

Erabaki gehiago udalbatzarrean

Beste hiru puntu ere eztabaidatu ziren hilaren 1eko udalbatzarrean:

195.401,44 euroko kreditu aldaketa onartu zen aldeko 6 botorekin –EAJ– eta 4 abstentziorekin –Bildu–.

Bainet eremuan 700 metro koadro inguruko pabiloi bat altxatzeko aukera bermatzea ere adostu zuten Bilduko eta EAJko ordezkariek. Enpresa horren beharrei erantzuteko modua ahalbidetu du horrela Udalak.

Bestalde, eta puntu berean jarraituz, kooperatiba eremuko dokumentazio osagarria onartu zen. Modu horretara, herrigunetik gertu dauden Lur-Alkartasunako eraikina, Armendi baserria eta Mataderoko etxebizitza herri-eremuan sartu dituzte.

Azkenik, bake epailea eta ordezkoa izendatu ziren aho batez. Lau urtez behin aukeratu behar izaten dira eta deialdi honetan bi lagun agertu dira lan hori betetzeko prest. Beraz, Bixente Zuloaga izango da datozen lau urteotan epaile titular berria; Rita Portularrume izango du ordezko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide