AECCko –Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea, Asociación Española Contra el Cancer– kideak Orion dira lehen aldiz gaur, abuztuaren 2an. Goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean, Herriko Plazan, azaleko minbiziari buruzko informazioa eskainiko dute. Horretaz gain, melanina –gorputzak berez duena– aztertuko diete bertaratzen direnei.
Maider Sierraren, prebentzio arloko arduradunaren, hitzetan eguzkiaren aurrean dugun jarrera aldatzea dute helburu horrelako kanpainek: estetikarekin lotutako minbizia da azalekoa eta horren inguruko hausnarketa plazaratu nahi dugu.
Haurrentzako eta helduentzako mahai bana jarri dute plazan. Bertan, bizi-ohiturei buruzko galdeketa bat egiten dute aurrena. Pertsona bakoitzaren fototipoa ere aztertzen dute test horren bitartez. Gaitzari aurre hartzeko informazioa eta aholkuak ematen dituzte ondoren. Azkenik, melanina kopurua neurtzen dute.